Xabi Larrabe | Arratia

Urkullu giza eskubide guztien alde?

Giza eskubideen aldeko ekitaldi batean, giza eskubideak aldarrikatzen zuen pertsona bati pankarta kentzeko esan diozu eta benetan, pena sentitu dut, eta nik bezala, beste askok ere seguruenik. Gure lehendakaria ez omen da denon lehendakaria. Lehendakari moduan giza eskubideak bereizten dituzula dirudi eta presoak hurbiltzeari dagozkion eskubideak ez omen dira zuretzat horrelako ekitaldi batean eskatu behar.

Beste ekitaldi mota batean egongo bazina, adibidez, lehiakortasunen aldeko enpresentzako sari baten aurkezpenean uler nezakeen, ez zuk baina bai besteren batek pankarta kentzea eskatzea, baina giza eskubideen aldeko ekitaldian batean ez.

Urkullu jauna, nazio forala errebindikatzen duzu. Foruak ezagutuko dituzunez, jakin beharko zenuke foruen arabera euskal herritarrak ezin zirela kanpoko epaitegietan epaitu, ezin zirela torturatuak izan, ez dutela Euskal Herritik kanpo zigorra bete behar. Beraz, pankarta kentzeko esan zenion horri, pankartarekin, nazio forala aldarrikatzen ari zen, foruak lapurtu arte izan genuen eskubidea defendatzen ari zen. Eta pankarta publikoki kenaraztean, gure foruen eta gure demokraziaren oinarri garrantzitsuenetako bat baztertu egin zenuen.

Une honetan, bidaietan euskal presoen 15 senide hil ondoren, giza eskubideei dagokienez dugun hutsune handienetakoa dispertsioa da eta, euskal herritar xume gisa, aldarrikapen hori errespetatzea eskatzen dizut.

Zorionak euskal presoak Euskal Herrira eskatzeko pankarta erakutsi zenuen horri!

Bilatu