Urte eta erdiren ondoren, zundaketen aurrean tinko
Urte eta erdi baino gehiago igaro da iazko maiatzean Sakana, Iza eta Goierriko udaletan AHTrako zundaketak egiteko eskaerak sartu zirenez geroztik. Urte eta erdiko atzerapena daramate egungo bizi erritmo frenetikoa oraindik ere gehiago azkartu nahi duten horiek. Gainera, orain korrika eta presaka doaz, urte amaierarako prest izan nahi dutelako Euskal Y-a Nafarroarekin konektatzeko txosten teknikoa. Hala adierazi zuen Jose Antonio Santanok, Garraioko Estatu idazkariak.
Orain arte udal zein partikularren oposizioarengatik zundaketak egiteko baimenak lortzeko arazoak izan dituztenez, lurrak aldi baterako okupatu «egingo dituztela adierazi zuen orain dela egun batzuk Santanok. Estatuko Abokatutzak, antza denez, formula juridiko bat aurkitu omen du lurrak aldi batez okupatu eta zundaketak egin ahal izateko, udalen eskumena eta herritarron erabakitzeko eskubideen gainetik pasatuta.
Stop AHT Zundaketak ekimenetik, urte eta erdi daramagu salatzen zundaketak AHTaren obren izatezko hasiera direla. Gainera, inoiz baino erneago egon behar dugu, berri honen ondorenMinisterioak zundaketak egiteko indarrezko neurriak hartuko dituelako.
Horren guztiaren aurrean, Stop AHT Zundaketak ekimenetik, hirugarren mendi martxarako deia egiten dugu. Oraingoan, Iturmendi eta Bakaiku artean dauden bi zundaketa puntu ezagutzera joanen gara, azaroaren 2an, gure eskura iritsi den informazioa herritarrekin partekatzeko, eta puntuak ezagututa, adi egon ahal izateko.
Horrez gain, zundaketen aurkako protokoloak indarrean jarraitzen du: zundaketa baten berri izanez gero, lehenik, herriko udalarekin kontaktatu. Ondoren, AHT Zundaketarik Ez ekimenarekin harremanetan jarri honako telefono zenbakian: 656711130.
Orain arte egindako lana ez da alferrikakoa izan. Urte eta erdiko oposizioak zundaketak atzeratu ditu. Jarrai dezagun, beraz, zundaketen aurkako gaitzespena adierazten. Zundaketen aurrean, tinko!