Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaz
Liburuaren azalean irakurri dut idazlearen adina: 40 urte.
Familian irakurri dugu. Bera baino askoz ere zaharragoak garenok galdera sorta daukagu idazlearen berarentzat eta baita edozein irakurlerentzat ere.
Guk geuk, zaharrok, gure erara antolaturik utzi diogun munduaz zelan eta zer idatz dezake horrelako idazle gazte batek?
Zer esan dezake geuk zenbait hamarkadatan sortu ditugun ohiturez, legeez, hezkuntza, hizkuntzaz, elikaduraz, antolamendu politikoaz, prentsaz, literaturaz eta harremanen estiloaz?
Zelan hartu, errefusatu edo onartu ditu gazte honek gure, bizimoduaren urrezko arauak?
Zeri egiten dio barre idazle gazte honek?
Zeri burla?
Zertan da zoriontsu?
Zeri begiratzen dio, zeri ez?
Zer esan nahi digu dioenaz eta zer isiltzen digunaz?
Dagoeneko hiru aldiz irakurri ditut (ditugu) liburuaren zortzi istorioak. Laugarren irakurraldia irakurle taldean egingo dut laster. Hain zuzen ere, Bira tabernan, hilak 19an, „Bionbo osteko literatur salasaldiak” izeneko ekitaldian, Mikel Antzak gidaturikoan.
Orrialde askoren bazterretan lapitzez idatzita hainbat iruzkin, hainbat gezi azpimarra eta esaldi. Ezin esan gure artean zenbat ezbai eta galdera sortu diren idazle gazteak esaten duenaz eta esaten ez duenaz. Oraindik ere eztabaidan jarraituko dugula uste dut.
71.garren orrialdean dio:
«Neskek gure aldamenean gosaldu zuten, baina gizonek ez zieten kasurik egiten, arreta guztia elkarrentzat zeukaten. Neska bana magalean hartuta besoa laztantzen zioten, pareko gizonarekin sozialismoaz eta Otegiren bi mahaien proposamez eztabaidatzen zuten bitartean, eta, neskek euren atentzioa erreklamatuz gero, haserretu egiten ziren. Joxe, erdi brometan, kontu eske hasi zitzaion bietako bati mantekilla gehiegi hartzeagatik…Ordutik aurrera ez dut ezer gogoratzen. Buruan kolpe bat eman balidate bezala».
- Kubara joan aurretik, ondo ikasia zuten hemen bertan emakumearekiko arbuioa.
- Maletetan Aleksandra Kollontáiren liburuak eta Simone de Beauvoirrenak eramango zizkieten!
- Hemen eta orain, oraindik ere irakurri barik dauzkagu.
- Orain badakigu, turismo sexuala, badakizue!
- (…)
Beste adibide bat, familian eztabaidatukoa: nik liburuaren ‘Hetero’ izenburuari azpititulu bat jarriko niokeela esan dut. Honakoa: ‘Txoriak eta ehiztariak”. Idazleak txorien ezaugarri batzuk zenbait emakumeren erretratuak margotzeko erabiltzen dituelako. Baina ez dator inor nirekin bat. Guztiek diostate ondo dagoela ‘Hetero’.
Habila da idazle gaztea: badaki bi lerrotan erretratuak osatzen, oso hitz gutxitan margotzen digu personaien isla bizia.
Liburuaren orrialde kopurua 155ekoa da. Tamainua ere ez da handia:21x13,5ekoa.
Zenbait esaldi -ez gutxi-, buruz eta bihotzez ikasi ditut (ditugu)
Adibide bat:
«Astigarraren hazi hegodunak biraka erortzen ari dira haizetekora: udazkena da».
Etxekoek diostate ezin litekeela hain udazkenaren margo bizia hitz gutxiagorekin egin.
Nik, ordea, diotset:
- Hitz bat soberan dago
- Zein?
- Azkena.
Laurogeitaka nabil adinean aurrera, ‘Hetero’ liburua irakurtzeko aukera izan dudanez, esan dezaket, ez bakarrik horregatik, baina horrexegatik ere, merezi izan duela honaino heltzea, pozik eta lasai asko esan ere.
Ez adiorik!