Jaione Iraola Rozas

V. Ibardingo igoera

Duela gutxi, ekainaren 5ean, V. Ibardingo Igoera ospatu zen Beran. Ohikoa bihurtu da auto-lasterketa ospatu aurretik, aste batzu lehenagotik, kotxeak ziztu bizian ibiltzea errepide horretatik. Horrek arrisku larria dakar gainontzeko gidarientzat (gehienak Ibardingo langileak), txirrindularientzat eta inguruko bizilagunontzat. Egoera okerrera doa rallyaren bezperan, ilunabarretik gaueko ordu txikietaraino abiadura izugarrian pasatzen diren kotxe kopurua haunditzen baita.

Gure etxea errepide bazterrean dago. II. Ibardingo Igoeraren bezperan, kotxe batek talka egin zuen etxearen kontra. Aurten, berriro. Ibilgailu batek gure etxeko barandaren kontra jo zuen lasterketaren egunean. Hau ez da kasualitatea, lasterketaren inguruan sortzen den giroaren ondorioa baizik. Giro horrek herritarron segurtasuna arriskupean jartzen du.

Oraingoz, etxearen kontra jo dute, lautik bietan. Zer izanen da hurrengoa? Argi dago arriskua hor dagoela, eta hor jarraituko duela lasterketa mantentzen den bitartean. Probabilidade kontua da. Hala behar luke?

Ezbeharren bat gertatu behar ote da pertsonen segurtasunak lehentasuna izan dezan? Halakorik behar ote dute antolatzaileek edota froga baimentzen dutenek? Galdera horiek egiten dizkiot neure buruari eta hortxe uzten ditut hausnarketarako.

Bilatu