Juan Luis Mugertza Unanue

Talderik onena

Futbolaz ari garelarik, edozeinek eman ohi du ustea. Gizonezkoetan, bereziki, gutxi izango dira gai honen inguruan mintzatzen ez direnak, iritzirik ematen ez dutenak. Gainera, gehienetan, ondo hausnartuta, eta zehaztasunez apainduta. “Ene ustez, Messik motzean duen kalitatea…”  Izan ere, ume-umetatik, badaezpada, gai sakon honen inguruan geure burua jazteko astean behin, bitan, hirutan… aritzen diren goi-mailako predikatzaileek herri xumeak bestelako kontuetan pentsa ez dezan sekulako ahaleginak egiten dituzte. Baina politikaz ari garelarik, (azken finean, futbolak eta politikak elkarren antza handia dute, helburua irabaztea baitute), galdetuz gero, nortzuek osatzen duten talderik onena, zer esango genuke? Nik ez dakit arinkeriaz ez ote naizen arituko, futbolean ez bezala, gai honen bueltan elkar hartzea korapilatsuagoa baita, baina larunbatean Bilbo Arenan ikusi (begiei atsegin ematea ere komeni), eta entzundakoa (oratoriaren artea)  ikaragarria iruditu zitzaidan. Buruko ileak lazteko modukoa, zenbait unetan. Zelako hirukote. Harrobikoak. Herria eta herritarrentzat lan egiteko prest, eta merke, gainera. Horrek bai, meritua, eta ez beste askorenak. Igandean partida garrantzitsua dugu. Kanpainan ikuskizuna, indarra erakutsi dugu, orain emaitza borobiltzea falta dugu, baina guztiok.

Bilatu