Lagun izoztuak
Negua berogailurik gabe igaro beharko dute Alboloteko espetxean dituzten euskal preso politikoak. Hala agindu du espetxeko zuzendaritzak.
Antza ez ei dago aurrekonturik ur beroa eta berogailua ordaintzeko eta horrenbestez zuzendariak ur beroa lehenestea erabaki du, ziurrenik merkeago delako, eta berogailua itzali du Granadako espetxean. Gauzak horrela egun hauetan ziegan 14 gradutan igaro behar dute ia egun osoa euskal preso politikoek eta lantegietan 11 gradutan. Alboloteko espetxea Sierra Nevadatik oso gertu dago eta sarritan izotza egiten du.
Espainiako espetxe sistemak pobrezia energetikoa inposatu die Alboloten dauden presoei, ez du espetxeratutako lagunen oinarrizko beharrak behar bezala asetzen eta gainera euren osasuna arriskuan jartzen ari da. Izan ere 18 gradutik behera bizitzeak gaixotasunak eragiteaz gain, aurrez zeudenak okertu eta osasun arazo larriak sor daitezke. Luzaroan tenperatura hotzegia izateak kalte egiten die bai sistema immunologikoari bai kardiobaskularrari. Halaber, gaixotasun erreumatologikoak dituztenen sintomak areagotzen ditu, eta arnasketarekin zerikusia duten gaitzak ere azaleratu ditzake.
Alboloten bizi den egoera Espainiako espetxe sistemak ezartzen dituen zigor gehigarrien adibide ezin-hobea da, eta euskal preso politikoen kasuan jasanezina den zigor kate bat ez dena bakarrik dispertsio politikara mugatzen.