Abian dira sanferminak, denon eta erabateko festa

Eguna eta ordua hurbildu ahala areagotuz doan egonezina suziriarekin batera lehertu zen atzo Iruñeko Udaletxeko plazan. Sanferminak dira, Euskal Herriko festa nagusia, gainerako guztiei merezimendurik batere kendu gabe, jakina. Urrunera gabe, Lesakakoak ere abiatu ziren atzo, eta han ere bertakoek eta kanpokoek nekez aurkituko dute festan ez murgiltzeko eta ondo ez pasatzeko aitzakia. Nolabait ere, Euskal Herriko festen erreferentzia dira sanferminak, herri baten kulturaren erakusgarri eta kultura horren, bizimodu horren alderdi ludikoa, herritarrek ongi merezia duten dibertimendurako aukera, ia urtebetez irrikaz itxaron ondoren. Clint Jean Louis Fernandez eta Araceli Sergio larrialdietako langileek «gora San Fermin!» oihukatuz erabateko jaiaren metxa piztu zuten eta hirian barna hedatu zen 14ko gauera arte iraungo duen leherketa. 

Txistulariak eta gaiteroak plazara atera orduko, alkandora zuriak kalimotxoz eta sangriaz tindatuta ageri ziren, eta elkartasunak eta aldarrikapenak ere bazuten plazan beren tartea. Palestina, ikurrina, presoak, Euskal Herriaren askatasuna eta beste presente egon ziren modu nabarmenean. Iruindarrek eta, haiekin batera, beste askok grinaz hartzen dituzte jaiak eta grinaz bizi, baina era berean, modu sinbolikoan besterik ez bada ere, sufritzen dutenek, ez daudenek ere festan parte hartzea nahi dute. Tradizio handiko festa da, baina berritzen dena; zapalkuntza salatzen duena eta erasorik onartzen ez duena. Hain zuzen ere, hamar urte bete dira gaur emakume batek «La manada» delakoaren bortxaketa jasan zuenetik. Iruñearen erantzunak jendartearen pertzepzioa aldatu zuen, baita Estatuko legedia ere sexu erasoei dagokienez. 

Bero sapak ere moteltzen ez duen festa erraldoia abiatu baino ez da egin; mota guztietako ekitaldiak denen gozagarri, aspertzeko –eta lo egiteko– parada gutxi dago egunotan. Nafarrek eta Iruñeak beso zabalik hartzen dituzten guztiek ongi pasa dezatela, horretarako muga bakar bat dutela, norberaren askatasuna murrizten ez duen muga: besteenganako errespetua, kontuan izanda errespetua ez dela «egun on» esatea, norberak nahi duen askatasuna besteari ez murriztea baizik

Bilatu