Abstentzioa, politikaren krisiaren sintoma

Hedabide gehienek eskuinaren garaipena nabarmendu dute frantziar Estatuko eskualde hauteskundeetan. Era berean, azpimarratu dute Marine Le Penen RN Fronte Nazionala inkestek iragarritako emaitzetatik urrun geratu dela. Hala ere, agian daturik garrantzitsuena abstentzioarena izan da, %66tik gorakoa izan baita, hau da, botoa emateko eskubidea zuten hiru herritarretik bi ez ziren hautetsontzietara hurbildu. Gazteen artean bereziki indartsua izan da abstentzioa. Esate baterako, 18-24 urte bitarteko adin taldean %87koa izan da, hau da, hamar gaztetik ia bederatzik ez zuten botorik eman igandeko hauteskundeetan.

Herrialde zentralista batean eskualde hauteskunde deialdi bat ez da bozkalekuetara hurbiltzeko pizgarririk onena. Analistei hauteskundeok gerora etorriko direnen lehen itzuli gisa ikustea gustatzen zaie sarri, kasu honetan 2022ko presidentetzarako hauteskundeak. Horregatik, hauteskundeon garrantzia azpimarratzen dute, baina jende arruntak bere agenda propioa du eta ez zaio gehiegi axola hurrengo bozketa zein izango den. Nolanahi ere, komeni da Estatu frantsesean inoiz izandako abstentzio altuena demokrazia liberalaren krisi sakonaren sintomatzat hartzea. Horrek guztiak zerikusi handia izan dezake Estatu frantsesak bizi izan duen ziklo mobilizatzaile luze eta indartsuarekin, jaka horiekin lehenik eta pentsioen erreformarekin geroago. Herritarren borroka helburu batzuk lortzeko baliagarria izan da, baina, batez ere, agerian geratu da egitura politikoek ez dituztela aintzat hartzen herritarren eskaerak. Eta jarrera horrekin, botereak botoa ekintza politikorako tresna gisa debaluatu du.

Demokrazia botoa ematea da, baina baita botereak erakunde sozialen eta sindikatuen eskaerei erantzutea edo gizarteak komunikabide pluralak izatea ere. Baina hori guztia apaltzen ari da Bruselak ezarritako betebehar ekonomikoen ondorioz. Europan diruak agintzen du eta demokrazia ahultzen ari da. Abstentzioa ahulezia horren adierazpenik argiena da.

Bilatu