Alkateen mugimenduaren espiritua, indarberriturik

Atzo 45 urte bete ziren alkateen mugimenduaren sorreratik. 1976ko uztailaren 21ean foruen abolizioaren mendeurrena gogoratzeko elkartu ziren Bergaran udal ordezkariak, Euskal Herriaren izaera eta bere eskubide historikoetan oinarritutako burujabetza aldarrikatzeko. Franco diktadorea hil berri, etorkizunak ekarriko zuenaren gaineko ezjakintasuna zen nagusi Euskal Herrian. Zalantzaz betetako egoera horretan, alkateen mugimenduak bost punturen inguruan osatu zuen bere programa politikoa: Nafarroa Euskal Herriko parte da, euskararen ofizialtasuna, foruak berrezartzea, presoen amnistia eta Euskal Estatutuaren aldarria. Hala, herriaren bilakaera politikoan eta, batez ere, indar abertzale guztiak bat egiteko saiakeran giltzarri izan zen alkateen mugimendua. Espiritu hura gogoratzeko eta egun duen balioa nabarmentzeko bildu ziren atzo Euskal Herriko alkateak, berriz ere, Bergaran.

Alkateen mugimenduak argi erakutsi zuen herri eraikuntza, baita helburu nagusienetan ere, independentzia barne, herritik abiatzen dela, behetik gorako dinamika dela. Alkateen mugimenduaren aurretik ere, udalek berebiziko garrantzia izan zuten Lizarrako Estatutuaren garapenean. Une korapilatsuetan, udalak izan dira Euskal Herriaren lidergoa hartu duten erakundeak. Herriarekiko, euskal komunitatearekiko eta klase herrikoiekiko hurbiltasunari esker gertatu da horrela. Euskal Herrian, udalak estatuek ezarritako beste erakunde batzuen nolabaiteko kontrabotere izan dira historikoki. Eta egun ere horrela dira. Horregatik, udal politikak beti izan du pisu handia –hauteskunde dinamiketatik harago– Euskal Herri independente eta subiranoaren alde borrokatzen zuten indar politikoengan.

Globalizazio garaiotan, udal politikaren garrantzia ez da Euskal Herrian bakarrik aitortzen. Bada Europan ere udal-mutualismoan, boterearen ikuskera polizentrikoan eraikitako kontraproiektu europarra proposatzen duenik. Udal politikaren pisua hazten ari da nonahi.

Bilatu