Antikapitalismoa ilegala Ingalaterrako eskoletan

Kapitalismoarekin kritiko diren ikasmaterialak debekatu ditu eskoletan Boris Johnsonen gobernuak. Ikasleei gaur egungo munduko eztabaidak modu orekatu batean aurkeztu beharrean, gero beraiek beren ondorioak atera ditzaten, kontserbadore ingelesek, beste totalitario askok egiten duten bezala, kapitalismoa estatu-erlijio bilakatu eta hura zalantzan jartzen duen jarrera oro «muturreko eta antisozial» bihurtu ditu, «balio britainiarren» aurkakoak. Kapitalismoa eta demokrazia txanpon beraren bi aurpegietan bilduta, irakasleen autonomiaren hilkutxaren iltzeak sartu ditu, katedra askatasunaren aurka zuzen erasoz.

Erabakia hori baino gehiago ere bada. Irakaskuntza publikoa umeak kontrolatzeko agenda ilun baten zerbitzura dagoela iradokiz, curriculumak gudu-zelai bihurtu dituen eskuinaren gerra kulturalaren erakusgarri da. Eskoletan ideia antikapitalistak ilegalizatu dituzte, irakasleek ezin dute ikuspuntu hori adierazi, material horiek erabili. Larria da, baina ez berria. Askatasun zibil eta politikoen aurkako gurutzada baten azken kapitulua da. Helburua ez da «ideia arriskutsuak» lurperatzea, bestela irakaskuntzako eta gizarte lanetako profesionalak lagunduko lituzke, eztabaida ireki eta seguruak egiteko. Orain antikapitalisten kontra jo du, betiko esperantzarekin: pobrezia, langabezia, basakeria polizial, arrazismo eta sexismo sistemikoaren, gizartearen gaitz sozialen, benetako arrazoiak ulertzeari eta horien aurkako erantzun politikoei mugak jartzea.

Milioika pertsonak sufritzen dituzte kapitalismoaren ondorio latzak. Pobreen kontura aberatsei mesede egiten die; herritarren bizitzen kontura enpresa handiak aberasten ditu; gizartearen ongizaterako oinarrizko beharrak, osasuna, irakaskuntza, laguntza eta zaintza, salgai jartzen ditu eskaintza onena egiten duenarentzat. Kapitalismoa da benetako krisia eta urgentziaz eraiki behar zaio alternatiba. Ingalaterran eta hemen mutur-muturrekoa eta antisoziala dena kapitalismoa da eta gu gara haren biktimak.

Bilatu