Arabako upeltegiek denon babesa behar dute

Arabako upategien egoera kritikoa da aspalditik eta hainbat arrazoirengatik. Urtetik urtera gero eta upeltegi gehiago ixten ari dira, mahatsaren prezioen bilakaera eta ekoizpen-kostuak itogarriak direlako. Azken urteotan erreserba handiak gorde behar izan dituzte, ezin izan dituztelako merkaturatu. Muga-zergen gerraren mehatxua ere arriskuen artean dago. Gainera, mildiu onddoak eskualde honetako mahastiei eraso die, azken urteetan baino gogorrago. Horrek udazkeneko ekoizpena eta mahats-bilketa baldintzatuko ditu. Azken asteko txingor-ekaitzek, beroarekin batuta, egoera hori larriagotu egin dute, onddoari lana errazten baitiote.

Horren guztiaren aurrean, Amaia Barredok, Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, «mahastizainen artean atsekabe handia» dagoela onartu zuen atzo; besteak beste, ekaitzek Arabako Errioxako mahastietan izan duten eragina «oso handia» izan delako. Ardogileei laguntzeko neurriak iragarri zituen, baina sektorea mesfidati dago. Upeltegiek egiturazko neurriak eskatzen dituzte; alegia, sektorea ondo ulertzea eta behar bezala zaintzea. Kontuan hartu behar da hiru hamarkadaren buruan upeltegiak zirenen heren bat baino gutxiago direla. Joera zitala da.
Sektorearen arazo propioez gain, Arabaren kasuan arazo politiko eta judizialak daude. Errioxa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak, Logroñoko eta Madrilgo Gobernuen babesarekin, bai eta PSOEren eta PPren babesarekin ere, euskal ekoizleei menpekotasuna besterik ez die eskaintzen. Kolpe latza izan da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bertan behera uztea Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava sor-markarekin ardoa saltzeko Lakuak emandako baimena.

Arabako zenbait mahastizainek behin eta berriz salatu dutenez, «gehiegizko ekoizpenak upeltegi handiei bakarrik mesede egiten die, eta Errioxa Jatorri Deitura upategi handiek beren interesetarako baliatzen dute». Horren aurrean estrategia alternatiboak bilatzen saiatzen dira Arabako upategiak. Lan horretan, ostalaritzaren eta kontsumitzaileen babesa behar dute. Eta, jakina, erakundeen laguntza guztia.

Bilatu