Aroztegia: lukurreria eta protestaren kriminalizazioa
Aroztegiko obren aurka protesta egiteagatik auzipetutako zazpi pertsonen aurkako epaiketa datorren astelehenean hasiko da, halabeharrez, proiektu urbanistikoaren enpresa sustatzaileak Fiskaltzak proposatutako akordioari uko egin eta gero. Horrela azaldu zuen atzo elkartasun batzordeak, salaketa bat gehituz: enpresarentzat, erantzukizun zibila eskatzen jarraitzea marra gorria izan da, horrek ahalbidetuko baitio 43 milioi euro eskatzen jarraitzea. Espekulazioaren bidez ez bada, Nafarroako eta Espainiako Gobernuei ustezko kalte ordainak eskatuz, poltsikoak nola bete da enpresaren obsesio bakarra. Zazpi pertsonen bizitza guztiz baldintzatzea gutxieneko albo-kaltea da diru gosea ipar dutenentzat.
Hasi eta buka, gauzak nola ez diren egin behar erakusten du Aroztegiaren kasuak. Bizilagunen iritzia eta tokiko erakundeen erabakimena aintzat ez hartzeko, UGEP moduan tramitatu zuen UPNren Gobernuak Lekarozen luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet eraikitzeko proiektua. 2015etik aurrera Geroa Bairen bultzada jaso zuen ekimenak inoiz ez zuen baztandarren gehiengoaren babesa izan, hauteskundeetan garbi geratu den bezala. Eraikuntza lanen legalitatearen inguruan zalantzak zeuden arren, 2021ean hondeamakinak Aroztegiko lurretan sartu ziren. Desobedientzia zibilaren bidea besterik ez zen geratu, eta horri ekin zion zilegitasun osoz Aroztegiaren aurkako mugimenduak, proiektua galarazteko gorputza jarriz. Lau urte geroago, auzitegiek obren hasiera hura legez kanpokoa izan zela ebatzi arren, zazpi ekintzaile izanen dira epaile baten aurrean eseriko direnak, enpresak bakarrik nahi duen epaiketa batean.
Besteak beste talde kriminala osatu izana leporatuta, denera 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko fidantza eskaerei aurre egin behar diete auzipetuek, atzean desobedientzia zibilaren kriminalizazioa eta lukurreria dauzkan auzian. Biak ala biak dira zokoratzeko elementuak. Justiziarik balego, absoluzioa litzateke epaiketaren emaitza posible bakarra. Horretarako bermerik ez dagoela jakinda, ordea, elkartasunari tinko eusteko momentua iritsi da.