Atzerapausoak gelditzetik harago joan behar da

Espainiko Senatuko osoko bilkurak behin betiko onartu zuen atzo Zigor Kodearen 315.3 artikulua indargabetzen duen lege organikoa; artikulu horrek beste langile batzuk greba egitera behartzen dituzten pikete informatiboei hiru urteko kartzela zigorra ezartzen zien. Zigor Kodearen atal hori dela eta, Estatu osoan 300 pertsona baino gehiago daude auzipetuta espetxe-zigor eskaerekin. Ez da huskeria; artikulua erruz erabili dute langileen grebak zapuzteko.

EH Bilduk indargabetzearen alde bozkatu zuen eta EAJk, berriz, abstentziora jo zuen, Kongresuko tramitean egin zuen bezala. Jeltzaleek euren eskuindar sena erakutsi zuten, oinarrizko eskubide baten aurrean patronalaren ikuspegia eta interesak defendatuz. Artikulu horrek greba eskubidea urratzen zuen eta, beraz, berau bertan behera uztea aurrerapauso garrantzitsua da jendarte demokratikoagoa eraikitzeko. Halaxe baloratu zuten ezkerreko alderdiek eta sindikatuek. Nolanahi ere, balorazio positiboaz harago, beste hausnarketa bat ere merezi du. Izan ere, piketeetan parte hartzeagatik ezarritako kartzela-zigorra ez da XIX. mendetik datorren oztopo bat, duela sei urte onartu baitzen, 2015ean, PPren gehiengo osoari esker. Bidegabekerien aurrean protesta egitearekin eta bidezko mundu baten aldeko borrokarekin lotutako eskubideen murrizketa gaur egungo joera bat da. Gure gizartean desberdintasunak handitzen diren heinean eta protestak zabaltzen diren neurrian areagotzen ari den prozesua da eta hori oso kezkagarria da.

Beraz, alde batetik, atzokoa garaipen txiki bat da gizarte justuago eta demokratikoagoa eraiki ahal izateko. Azken finean, aberastasunaren banaketa indar harremanen arabera gauzatzen da eta horretarako greba eskubidea izatea garrantzitsua da. Baina, bestetik, garaipen horrek erakusten du orokorrean demokraziak defentsiban daramala azken hamarkada. Atzerakadak iraultzea garrantzitsua da, baina gailur berrien premian dago gizartea.

Bilatu