Aurrera, gizarte presioari eta inteligentzia politikoari esker
Behar baino askoz gehiago luzatu da; irudikatu genuenaren bestelakoa izan da; minkorra izan da eta zauriak utziko ditu; oraindik ez dago erabat konponduta eta iraunkortasuna zein talentua eskatuko ditu; ez da komeni arriskuak gutxiestea. Azken urteotan, ordea, euskal presoak etxeratzeko eta askatzeko bidean aurrera egin da, militanteen borondateari esker eta euren komunitatearentzat lehentasuna izan delako. Gizarte presioari zein kudeaketa politikoari esker, lotuta zirudiena desblokeatzea lortu da.
Immobilismoaren eta krudelkeriaren aurrean, batzuen zein besteen diziplinak eta inteligentziak preso politikorik gabeko herrialde baterako bidea topatzea ahalbidetu dute. Helburu saihetsezina da hori, bake, justizia eta askatasun agertoki baterantz benetan urratsak egin nahi badira. Jakina, herri honen etsaiek euren esku dagoen guztia egin dute eta egingo dute askatasuna oztopatzeko.
Sarek lanean jarraituko du «motibazio politikoko azken preso, iheslari eta deportatua etxera itzuli arte», baina horren beharrik izango ez den unea gertuago dago.
Formulak eta epeak bilatzea, estrategia eraginkor bat ezartzea, botere orekak aldatuko dituzten urratsak egitea, herriarekin eskuz esku joatea… horiek dira bide honen oinarrian dauden ideiak. Nabarmendu beharra dago, halaber, topaketa hunkigarriak bizitzen ari direla. Bide honetan, militanteak kaleko errealitatearekin eta presoak kide dituen gizartearekin konektatzen ari dira, Estatuaren estrategiak beti hautsi nahi izan zuen lotura sendotuz, hain zuzen ere.
Adi, atzerapausoak egon litezke, baina helburua eta bidea hauek dira. Urtarrilean ziklo bat itxiko da eta, bere argi-ilun guztiekin, balantze politikoak ikuspegi historikoan baloratuko diren auziak bilduko ditu.