Berdinen eta libreen euskal errepublikaren alde
2020/07/28

Espainiako erregea eta erregina Nafarroan izan ziren atzo. Telebistei begirako bisita izan zen, irudi egokienak bilatuz eta hitz anpulosoak hauspotuz, gainbeheran dagoen instituzioa salbatzeko antolatu duten zuriketa operazio patetiko baten kapitulua. Azkar etorri eta azkar joan ziren, populazioarekin harremanik izan gabe, protesta artean. Operazio honen bultzatzaileek agian pentsatu dute aitaren herentziari uko eginda konpontzen dela arazoa, harreman publikoen agenda on batekin aurrera egingo dutela, eta, akaso, ahaztu egingo dela Francoren oinordekoa dela eta horri ez diola sekula uko egin. Ustelkeria kasuei ezikusiarena egingo zaiela Espainiaren salbazioan jokatzen duen paperaren ordainetan, akusazio bat edo beste egotzi arren, ez dituztelako sekula epaituko, are gutxiago erruduntzat joko.

Agian uste dute euskal herritarrok beren mendekoak garela, otzan-otzanak. Oker dabiltza baina, oso oker. Espainiako monarkia arazo da euskaldunontzat eta baita espainiarrentzat ere. Bistan da 78ko erregimena iraunaraziko duen etorkizun post-monarkikoak marrazten hasiak direla jada, nahiz eta monarkia izan erregimen horren oinarria, bere gurpilaren ardatza. Jakina monarkia arazo dela, erorarazi beharrekoa. Baina ez da Arazoa, ez da letra larriz idatzitako Arazoa. Koroaren balizko erorketak Euskal Herrian guztia mirakuluz konponduko duela pentsatzea, pentsamendu magikoa da, desira noble bat baino ez.

Euskal Herriak 2020. urtean presoak baditu, jazarpena pairatzen badu, askatasun ukatuaren alde borrokan segitzen badu, ez da bakarrik errege bat dagoelako agintean, Espainia eta bere nazionalismoa supremazistak izan direlako eta izaten segitzen dutelako baizik. Koroa ez zegoenean ere berdin gertatzen zen, eta, Franco hil zenean, ez zen arazoa konpondu, gezurra zelako anaitasunean eta zoriontasunean oinarritutako etorkizuna zetorrela. Independentziak, berdinen eta libreen euskal errepublika burujabeak konpon dezake soilik errotiko arazoa. Eta gero, gerokoak.

Artikuluak
Iñaki Bernaola
2020/08/11
José Luis Úriz Iglesias
2020/08/11
Iulen Lizaso Aldalur
2020/08/11
Gutunak
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2020/08/11
Guillermo Ruiz Irastorza | Plataforma por un Abando Habitable y Saludable
2020/08/10
Mar
Jesús Cantero Gonzalbo
2020/08/10
Xanti Begiristain Madotz | Auritz
2020/08/10
Azken post-ak
Fito Rodriguez
2020/08/06
Koldo Campos
2020/08/04