Bete dadila Amnistia Legea, azkar eta nonahi

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Amnistia Legea erabili du Kataluniako prozesu independentistari elkartasuna adierazteko helburuarekin Bilbon egindako protesta bategatik ezarritako zigorra baliogabetzeko. Euskal ekintzaileak 2019an eserialdi bat egiteagatik kondenatu zituzten; protesta baketsua izan arren, atxiloketak, epaiketak eta zigorrak eragin zituen mobilizazioak. Zigortutako euskal herritarren abokatuaren errekurtso bati esker, auzitegiak kondenak ezeztatzea erabaki du orain. Ofizioz izan beharrean errekurtso bati erantzuteko izan bada ere, autoa aho batez onartu da. Erabakia Amnistia Legean funtsatu dute epaileek, inolako arazorik gabe.

Espainiako auzitegi batzuk Amnistia Legea buruzagi independentista katalanei ez aplikatzeko aitzakiak bilatzen ari diren unean iritsi da Bizkaiko autoa. Aitzitik, ez du eztabaidarik sortu urriaren 1ean boto-emaileak erreprimitzeko Kataluniara bidali ziren polizien aurkako prozesuak lege horrekin baliogabetu izanak. Beti berdin jokatuko balute, eztabaida gutxiago legoke. Legea ez betetzen saiatzen ari diren epaileen artean Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuaren jarrera nabarmentzen da, zeinak erabaki duen amnistia ez aplikatzea Carles Puigdemont presidenteari eta Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiei diru publikoaren erabilera bidegabea delituan. Motibazio politiko garbia duen neurria da. Botere legegilearen eta exekutiboaren aurkako matxinada da, epaileen sektorerik atzerakoienaren aldetik; aurrekaririk gabeko prebarikazio-ariketa antolatua da.

Beharbada, Espainiako epaileen jarrera horrek aurrekaririk ez duela esatea gehiegi esatea da. Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailea erretiroa hartzera doa. Euskal militanteen aurkako dozenaka epaiketatako protagonista tristeak ezin hobeto irudikatzen ditu etsaiaren aurkako zuzenbide penala eta salbuespen juridikoa. Espainiako doktrina judizial eta politikoak dira hauek, zuzenbide estatua saihestuz, disidentzia zigortzeko diseinatutako ildoak. Amnistia Legea, ordea, argia, zuzena eta positiboa da. 1.600 pertsona daude horren zain, eta justiziazkoa da lehenbailehen guztiei aplikatzea.

Bilatu