Bidezko laguntzak, behar dituztenentzat

Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen piztutako gerraren ondorioei aurre egiteko zenbait neurri aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak, besteak beste, lurraldeko zergadunei 37 milioi euro baino gehiago aurreztea ekarriko dietenak. Estatuko Gobernuak laborarientzat eta garraiolarientzat onartutako laguntzak ere kudeatuko ditu, Ogasunarentzat beste hamar milioiko kostua izango dutenak, eta beste neurri batzuk ere aplikatuko ditu, kolektibo zaurgarrietara, industriara eta energia trantsiziora bideratuak. Aurrerago, gatazkaren bilakaeraren arabera, neurri gehiago hartzeko prest dago. EAEko foru aldundiek, beren aldetik, enpresen eremura bideratu dituzte egoerari aurre egiteko neurriak, hala nola zorrak atzeratzea, PFEZaren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea eta BEZaren itzulketen izapideak bizkortzea, enpresek likidezia handiagoa izan dezaten. 

Neurri horiek guztiak, diotenez, lurraldearen ekonomia babesteko eta indartzeko hartzen dira, baina lehentasunak ez dira batere argiak, eta izan beharko lukete: herritarrak, batez ere zaurgarrienak. Ekonomia indartsu bat ez da gauza bera energia enpresa batentzat eta etxean berogailua pizterik ez dutenentzat. Neurri horiekin ogasunek dirutza biltzeari utziko diote, eta ez dirudi arrazoizkoa enpresen etekinen gaineko zergak ere murriztea, herritarren parte handi batek inoiz baino babes handiagoa behar duenean. Fiskalitateak, aberastasuna banatzeko tresna ere izan beharko lukeenak, gehiegikeriak kontrolatzeko tresna ere izan beharko luke, eta jende gehienarentzat egoera txarra eta batzuentzat latza denean ere, badira etekinak emendatzen jarraitzen dutenak.

Atzo Greenpeacek aurkeztu zuen ikerketaren arabera, petrolio konpainiek egunean-egunean aparteko 81 milioi euro irabazten dituzte Europar Batasunean. Bestela esanda, gerra negozio dute. Erakunde ekologistak dioenez, gobernuek lehenbailehen ezarri beharko lituzkete erregai fosilen etekinen gaineko zerga handiagoak, eta diru hori baliatu herritarren energia fakturak murrizteko, energia berriztagarri merkeak, seguruak eta tokiko ekoizpenekoak hedatzeko, besteak beste. Ez litzateke administrazio guztientzako jarraibide txarra.

Bilatu