Bitartean, Urkulluren Gobernuak ez du neurria ematen
Parisen Raimond Kendallek eta Brian Currinek beren esperientzia bakearen mesedetan jartzen zuten bitartean, Pierre Hazan giza eskubideen garrantziaz mintzo zen bitartean, Axun Lasak eta Roberto Manriquek gizalegez eta batez ere gizatasunez entzuleria dardararazten zuten bitartean… Euskal Herrian Lakuako Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak, kontakizunaren batailarekin temati, aurreko hamarkada bateko oihartzuna ziruditen hitzak errepikatzen zituen, enegarrenez, irrati publikoan.
Bakegintzarako nazioarteko laguntzarekin oso zital ari da jokatzen Urkulluren Gobernua. Kontraprogramazioa da bere ardatz nagusia, ez ditu gogoko Euskal Herrira bake egonkor eta justua ekartzeko atzerritik datozen ahaleginak. Izan ere, nazioartean bakea konponbidearekin lotzen dute, eta konponbidea gatazkarekin; gatazka, era berean, gutxienez bi alde egotearekin, eta gatazketan alde guztiek eragiten dute kaltea. Beraz, ezin da erantzukizuna aldeetako baten bizkar gainean soilik jarri, eta horrek konpromisoak eskatzen ditu, egoerak horretaratzen duen arabera jokatzea exijitzen du… baina Gobernu horrek ez du maila ematen. Maila emateko erakutsi duen modu bakarra maila orokorra jaistea izan da.
Zergatik ez zegoen Eusko Jaurlaritza Pariseko Konferentzian? Zergatik gutxiesten du Erkorekak atzo han gertatutakoa? Zergatik, antolatzaileen eta parte-hartzaileen «borondate ona» azpimarratzen duen aldi berean, erakusten du hain argi berak alor horretan borondate onik batere ez duela?
Euskal Herriarentzat historikoa den une honetan, Urkulluk bakegintzaren alorrean utziko duen ondarea benetan eskasa izateko bidean da. Dagoeneko Euskal Herrian «normaltasun berria» dagoela erakutsi nahi du: ETArik gabe, EAJ agintean, ezker abertzalea oposizioan eta Madrilekiko harreman bikainak. Egonkortasuna; bakea, alegia. Inondik inora ez, ordea; horrela bere oilarkeria eta kaskarkeria baizik ez du erakusten. Eta Madrilekiko menpekotasun kezkagarri eta obsesiboa.