Datu kezkagarriak eta kudeaketa kezkagarriagoa

Duela bi hilabete Valentzian izan zen hondamena ez da iazko muturreko fenomeno meteorologiko bakarra izan, mundu osoan izan baitira antzeko fenomeno suntsigarri ugari. Global Water Monitor partzuergoak, klimaren eta batez ere ur baliabideen inguruko informazioa hedatzen duenak, joan den urtean gehiegizko urak eta ur faltak eragindako kalte ikaragarrien datuak biltzen dituen txostena argitaratu du. Iaz muturreko prezipitazioak izan ziren, klima aldaketak bultzatutako goranzko joerari segida emanez; hala ere, prezipitazioen guztizkoaren joera beheranzkoa izan zen. Esandako fenomenoekin batera, tenperatura errekorrak hautsi ziren, eta tenperaturaren igoerak hainbat lehorte luzarazi zituen eta, haien ondorioz, milioika pertsonak jasan zuten elikagai eskasia. Era batera edo bestera, milaka hildako, dozenaka mila milioiren kalteak eta oinazea nonahi. Eta aurreikuspenak ez dira hobeak; zoritxarrez, txosten hau ere ez da salbuespena, beste hainbatek erakutsi izan duten joeraren baieztapena baizik.

Datuak argi bezain kezkagarriak dira, eta ikertzaileek ez dute zalantzarako tarte handirik uzten. Kezkagarria da, gainera, elite baten interesen zerbitzuko diskurtsoari bide ematen dioten negazionistak ugaritzea, datuek eta horiek interpretatzen dituzten milaka adituek –eta zentzuak berak– diotenez, klima aldaketa egitate bat den arren, urtean baino urtean modu larriagoan agertzen dena, aurreko aurreikuspen txarrek okerrera egiten baitute urtetik urtera.

Txostenaren egileen arabera, uholdeak eta lehorteak gizateriaren mehatxu handienetakoa dira. Bada mehatxu handiago bat, ordea, ezikusia egitea, eta amorragarria da munduko gobernuen arduragabekeria. Gailur batzuk antolatzen dituzte, baina ez dira gauza premia biziko neurriak adosteko, neurri horiek zenbait botereguneren interesen kaltekoak liratekeelako. Kezkagarria eta amorragarria da munduko agintariek, beren hitz arranditsuetan herritarren ongizatea darabiltela, boteregune horiek lehenestea, klima aldaketari aurre egiteko produkzio eta kontsumo ereduak ezinbestean aldatu beharraren gaineko eztabaidari ere muzin eginda.

Bilatu