DeepSeek-ek adimen artifiziala irauli du

Duela egun batzuk Txinako DeepSeek enpresak adimen artifizialeko doako aplikazio bat abiarazi zuen, eta horren emaitzak OpenAI estatubatuarraren plataformekin aldera daitezke. Ezaugarri horiekin, egun gutxian arrakasta handia izan du. Izan ere, herenegun lortu zuen ChatGPT-k baino deskarga gehiago izatea Apple-ren dendan. Hainbeste astindu du egoera, ezen konpainiaren web orria eraso maltzurren biktima izan baita, eta horiek txatbot honen hedapena moteldu dute.

Bi desberdintasun nagusi ditu orain arteko plataformekin alderatuta. Lehenengoa bere kostu txikia da. Diseinatzaileek eredua hobetzea izan dute helburu, eta, beraz, aplikazio berriak ez du kalkulu-gaitasun itzelik behar izan, ezta datu eskerga erabiltzea ere. Horrela DeepSeek-ek eskaintzen dituen zerbitzuen kostuak asko merkatzea lortu du. Horrek zalantzan jarri ditu datuak prozesatzeko eta elektrizitatea ekoizteko AEBko Gobernua mobilizatzen ari zen inbertsio izugarriak. Horrez gain, zalantzan jartzen du txip indartsuenak erabiltzeko beharra. Deep Seek-ek agerian utzi du aurreikusitako inbertsio ikaragarrien eta gastu horren benetako beharraren arteko alde handia. Desoreka horrek astelehenean adimen artifizialarekin lotutako enpresa estatubatuar guztien akzioen beherakada eragin zuen. Esan daiteke DeepSeek-ek AAren burtsako burbuila zulatu zuela.

Beste desberdintasun nagusia da Estatu Batuetako programak kode itxikoak direla eta DeepSeek, ordea, kode irekiko aplikazioa dela. Horrek esan nahi du edonork ikus dezakeela kodea, aztertu eta aldatu, bere beharretara egokitzeko. AEBko teknologia konpainia handiek beren abantaila mantentzeko sekretuak giltzapean gordetzearen alde apustu egin duten bitartean, Txinako enpresa honek gardentasunaren aldeko apustua egin du, eta hori albiste ona da. AA erabiltzearen arriskuak desagerrarazten ez baditu ere, gutxienez haren tripak arakatzen eta alborapenak agerian uzten ditu.

AEBren AArako lehia-abantailari eusteko egitura guztia oso ukituta geratu da. Debekuek, murrizketek eta sekulako inbertsioek ez dute berrikuntza gelditzea eta gailentzea lortu.

Bilatu