Demokraziaren krisia, autoritarismoaren bideak

Iragan astean, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren barnean, demokraziak hartzen dituen «bidezidorren» arriskuaz ohartarazi zuen Cristina Lafont Filosofia katedratikoak, teknokraziaren edo populismoaren bidetik autoritarismora daramaten bidezidorrak, hain zuzen. Halaber, herritarren parte hartzea indartzeko zenbait proposamen aztertu zituen. Gaur orrialdeotan irakurgai dagoen elkarrizketan dioenez, demokrazia krisian dago; Gobernuek, beren hauteskundeekin eta konstituzioekin ere, beren erabakietan ez dituzte herritarrak eta haien interesak aintzat hartzen.

Ez da fenomeno isolatua, eta ez bakarrik Trumpen AEBetakoa edo Bolsonaroren Brasilgoa, Europan bertan sekulako indarra hartzen ari den joera baita. Diagnostiko hori aski ezaguna gertatzen da Euskal Herrian ere, herritarren parte-hartzea eragoztea eta Konstituzioa disidentziaren aurkako edozein erasoren justifikazio gisa erabiltzea. Are nabarmenago, jendarte honek antolatu eta mobilizatzeko gaitasun handia erakutsi duelako. Eta diagnostiko penagarria da: «adituek» erabakitzen dute herritarren benetako behar, interes eta arazoen gainean, baina haien iritzia entzun ere egin gabe, erabakitzeko aukera txikiena ere utzi gabe. Horrek instituzioekiko eta alderdi politikoekiko atxikimendurik eza eragiten du eta sentimendu horretaz baliatzen da populismoa, beste «bidezidor bat». Teknokraten aurka agertu eta haien lekua hartzeko prest dagoena, baina, hark bezalaxe, herritarren ahotsa aintzat hartu gabe, haien izenean ari dela dioen arren.
 
Jendartearen ahotsa, haren arazoak instituzioetara iritsi eta eskaerak bideratzeko, deliberazio batzarrak tresna egokia izan daitezkeela uste du Lafontek, zenbait hamarkadatako esperientzian oinarrituta. Horiek ere beren arriskuak dituzte, ordea. Izan ere, kasu batzuetan emaitza onak izan dituzte; esate baterako, Irlandan zer eta konstituzio aldaketaz erabaki zuena, abortu eskubideari eta ezkontza ez heterosexualari dagokienez. Beste batzuetan, berriz, batzar horiek eratu, baina ez dira aintzat hartu izan; hala egin zuen Macronek txaleko horien krisiaren ostean, espero ez zuen ebazpena iritsi zitzaionean. Ez da pagotxa, baina herritarrak ahalduntzeko balio izan dezakeen neurrian, kontuan hartzeko modukoa da.

Bilatu