Ekotopaketak: bide-orria, tresna eta erregaia

Portugaleteko Sastraka gaztetxea asteburuan zehar eztabaidaz eta hausnarketaz busti ondoren, asanblada batek eman zien amaiera, atzo, Ekotopaketei, eta, halakoetan ohikoak diren topikoetan erortzeko beldurrik gabe, antolatzaileek pozik egoteko arrazoiak badituztela esan daiteke. Krisi ekosozialari aurre egiteko, Euskal Herritik egin daitezkeen ekarpenak aztertzea izan da ekimenaren xedea, eta ostiraletik igandera arteko hitzaldi eta mahai-inguruek, kopuruan, edukian eta gai aniztasunean, argi utzi dute lana txukun egin dela. Erpin asko dituen auzia da hauxe, eta ia ez da bat ere jorratu gabe geratu. Helburua aspalditik finkatuta, hara iristeko bide-orria zehaztu dute ehunka lagunek.

Baina bidea, egoki finkatuta egonagatik, berdin-berdin ibili behar da, eta nabarmentzekoa da, alde horretatik, Ekotopaketa hauetan parte hartu duten lagunek egin duten ekarpena. Izan ere, asanbladak oniritzia eman zion antolakunde indartsu bat egikaritzeko dinamika abiatzeari. Horren bilakaera heldu diren hilabeteetan ikusiko da baina, hartzen duen izaera hartzen duela, ekologismoaren esparruan herri honetan martxan dauden egitasmo eta borroka guztiak bilduko dituen ahots berria izatea albiste bikaina da. Egungo testuinguruan, klima aldaketak eta biodibertsitatearen galerak mundua ataka zailean jarri dutenean, erakundeak, indar politikoak eta gizartea bera interpelatuko dituen eragile berri bat sortzeak erronkari erantzuteko erabaki egokia ematen du. 

Helburua erdiesteko bide-orria eta tresna eskaini dituzte, beraz, aurtengo Ekotopaketek, baina ekarpena ez da horretara mugatu. Bostehun bat lagun bildu dira, oso aldarte onean parte hartzen, hausnartzen eta eztabaidatzen, eta horrek ia-ia mahai gainean jarritako ideiek eta proposamenek adinako balioa dauka. Asteburu honetan izan den giro aparta eta parte-hartzaileen arteko konplizitatea borrokari ekiteko erregaia dira. Alferrik direlako agendak, mapak eta erremintak, haien atzean pertsonarik ez badago. Jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emateko beharra aipatu da Portugaleten, eta behar horri erantzuteko grina eta indarra sobera topatu ditu egunotan Sastraka gaztetxera gertu den pertsona orok.  

Bilatu