«El niño» fenomenoa ez da umekeria bat
Aditu ia guztien arabera, egun bizitzen ari garen “El Niño” fenomenoa orain arte izan den muturrekoena izango da. Aurtengo ekainean abiatu ostean, gutxienez 2027ko otsailera arte luzatuko da, eta bidean zenbait errekor utzi ditu jada: abuztuaren 22an, ozeanoetan sekula izan den batez besteko tenperatura altuena erregistratu zen. Horrek, jakina, muturreko tenperatuak, lehorteak, uholdeak eta bestelako hondamendi naturalak ere eragin edota larriagotu ditu.
Nerea Bilbao klimatologoak GARAn azaltzen duenez, “El Niño” bi eta sei urte artean gertatzen den fenomeno natural bat da: alisio haizeak ahultzean, ur epela Ozeano Barearen erdialderantz eta ekialderantz mugitzen da, ur hotzaren goranzko jarioa gutxitzen da eta ozeanoaren azalera berotu egiten da, bero hori mundu osora zabaltzen delarik. Alabaina, aldaketa klimatikoa dela medio, azken hamarkadetan fenomeno hori geroz eta bortitzagoa bilakatzen ari da: berotegi efektuko gasen isurketen ondorioz, ozeanoek geroz eta energia eta bero handiagoa pilatzen dute, eta horrek geroz eta gehiago berotzen du mundu osoa, muturreko fenomenoak biderkatuz –bero boladak, euriteak, itsasoaren igoerak...–. Uda itogarri honetan ikusi denez, maila eta neurri ezberdinean bada ere, munduko biztanle guztiei eragiten die horrek, kasu askotan bizitza bizigaitz eginez.
Bilbaok ohartarazi duenez, ozeanoetan pilatutako beroa jada ezin da ezabatu: gaur egun isuriak zerora murriztuko bagenitu ere, ozeanoaren sakonuneek berotzen jarraituko lukete, eta itsas mailak gora egiten jarraituko luke datozen hamarkadetan. Hala ere, bero hori –eta horren ondorioak– murriztea posible da, eta funtsezkoa da horretan ahalegintzea, gradu zentigradu bakoitzak kliman eta herritarren bizitzetan sekulako eragina baitu. Horretarako, bi norabidetan sakondu behar da: batetik, isurketak nabarmen murriztu behar dira, kontsumoa jaitsiz eta energia berriztagarriak era justu eta eraginkorrean hedatuz; bestetik, ezohiko bero, eurite edota lehorteetarako prestatu behar da, beharrezko egokitzapen instituzional, urbanistiko eta sozialak eginez.