Elkarlaneko ekonomia legez arautu beharra dago

Edozein eskari bere eskaintzarekin uztartzeko aukera ematen duten aplikazio informatikoak agertzeak (oporretarako etxebizitzenak, produktuen banaketakoak, taxilarienak, etab.) “elkarlaneko ekonomia” deritzonaren kontrolik gabeko hazkundea ekarri du. Diru pixka bat ateratzeko entretenimendu gisa saltzen zena –ordu libreetan nahierara egin zitekeen aldi baterako lana– egiatan lana antolatzeko modu berri bat zen, besteren konturako enpleguak dituen antzeko murrizketekin, baina dituen eskubideak izateke.

Atzo, lehen aldiz, Bilboko lan-arloko epaitegi batek ebatzi zuen mezularitza-plataforma bat kudeatzen duen Glovo enpresaren eta bere banatzaileen arteko harremana lan-harremana dela. Langileak, beraz, autonomo faltsuak dira, banatzaileek, sindikatuek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak baieztatzen zuten bezala. Epaia mugarri garrantzitsua da ustezko berritasun batean oinarritzen diren lan-harreman horiek desagerrarazteko, egiazki, eskubiderik gabeko lanera eta amaierarik gabeko esplotaziora itzultzea baitira. Pixkanaka-pixkanaka eta, batez ere, zuzenean edo zeharka inplikatuta dauden langileen borrokari esker, elkarlaneko ekonomia deritzonaren itzalpean eta arau komunak alde batera utzita antolatu diren jarduerak gainerako enpresak bezala funtzionatzen hasi dira. Horien kontrolik gabeko zabalkuntza moztu da.

Nolanahi ere, Bilboko epaitegiaren ebazpena urrats txikia da –eta oraindik aurkako helegitea aurkezteko aukera dago–. Gakoa gobernuek laissez faire politika albo batera uztea eta jarduera berri horiek ohiko enpresak bezala tratatzea da. Izen ponpoxo horien atzean irabazi-asmoa duten enpresak baino ez daude, eta, besteek bezala, indarrean dauden arauak bete behar dituzte, bai lan-harremanei dagokienez, bai garatzen duten jardueraren beste alderdi guztiei dagokienez. Berrikuntzak bultzatu behar dira, baina ez jendearen eskubideen lepotik. Premiazkoa da hori gerta ez dadin legeak egitea.

Bilatu