Enpresariek eta agintariek entzun beharreko abisua

Barakaldoko eta Sestaoko PCBko langileei aplikatutako enplegua erregulatzeko espedientea baliogabetzat jotzen duen epaia oso garrantzitsua da. Lehenik eta behin, 90 langileren kaleratzea atzera botatzen duelako. Horrez gain, une zailotan tentazio okerrak izan ditzakeen enpresari klase jakin batentzat abisu zuzena da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia oso argia baita. Adibidez, argi uzten du enpresaren erabakiak ez datozela bat bere benetako egoera ekonomikoarekin. Pandemia aitzakia gisa erabiliz, kaleratze kolektibo bat egin nahi izan dute. Epaiak dioenez, PCBk duen jarduera eta salmenta mailarekin, «ez da onargarria lantaldea bosten bat murriztu nahi izatea». Aurreko urtearekin alderatuta 2020an eskaera kopuruak gora egin zuela gogoratzen du epaiak. Aurretik, epaitegiek enpresak bultzatutako enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ere atzera bota zuten. Orduan, lotsagarriro, beren mehatxuak beste maila batera eraman zituzten, ia ehun pertsona kaleratuz.

Uneotan, pandemiaren ondorioz egoera kritikoan dauden enpresa ugari daude. Jendea larri dabil. Horrexegatik, irabaziak eta etorkizuna dituen enpresa bateko zuzendaritzak bere erantzukizun sozialak alboratzea, krisi baten itxurak egin eta langileen ehuneko basati bat kaleratu nahi izatea, gaitzesgarria da guztiz. Ikuspuntu guztietatik sumingarria da gertatutakoa, eta horrela salatu beharko lukete gainontzeko enpresaburuek eta ordezkari politikoek. Auzi honetan, protestek eta langileen grebak fruituak eman dituzte, baita ekinbide judizialak ere. Euskal instituzioek, ordea, langileon eskaera justuak babestu ordez, enpresarien jokabidea justifikatu dute behin eta berriz. Erakunde publikoek aberastasuna banatuko duten negozio bideragarri eta jasangarriak sustatu behar dituzte, gizarte justizian oinarritutako baldintzak jarriz eta enpresa praktika zitalei babesa ukatuz. Herritarren interesak defendatu behar dituzte, ez beren lagunen interes pribatuak.

Bilatu