Erriberako euskal komunitatea protagonista
2019/10/21

Atzo Tuteran “Izan argi!” lelopean Nafarroa Oinezen 2019ko edizioa ospatu zen. Eguraldi eta errepide gorabeherei aurre eginez, Euskal Herriko bazter guztietatik jende asko hurbildu zen Erriberako hiriburura euskara bultzatzeko. Era berean, parte-hartzaileek Argia ikastolak egiten duen lana babestu eta sostengatu zuten. Izan ere, baldintza zailetan lan itzela egiten du euskaldunon hizkuntza sustatzeko. Ahalegin horrek balio handia du eta hori aitortzea eta azpimarratzea ezinbestekoa da. Bertako euskaltzaleek «lingua navarrorum» Erriberako hizkuntza ere badela frogatu dute.

Euskarak aurrera egiteko herritarren bultzada ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Hizkuntzaren normalizaziorako urrats sendoak egiteko politika publikoek ere ekarpena egin behar dute. Udaletatik hasita Nafarroako Gobernuraino, bertako instituzioek euskarari baliabideak eskaini behar dizkiote: batzuetan baliabide horiek nagusiki materialak izango dira; bestetan, aldiz, lege eta arauak. Azken horiek garrantzi handia dute. Izan ere, legezko markoak sustatu edo oztopatu dezakete hizkuntza baten garapena eta etorkizuna. Horrela gertatzen da Nafarroan Euskararen Foru Legeak ezartzen duen zonifikazioarekin. Arau horrek hizkuntzaren normalizazioaren aurkako markoa osatu du. Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernu berriaren adierazpenetan euskararen aldeko hitzak entzun dira. Atzo bertan, Gobernuko lehendakariordeak, Jose Mari Aierdik, Nafarroako Exekutiboa euskararekin konprometitua dagoela esan zuen. Hitzak kontuan hartu behar dira, baina ekintzetan neurtuko da Gobernu berriak euskararekiko duen benetako konpromiso politikoa.

Bien bitartean, Erriberako ikasle, irakasle, guraso eta, azken batean, euskal komunitate osoaren lana eta konpromisoa izan da euskarak aurrera egiteko energia eta indar nagusia. Beraiek izan ziren aurtengo Nafarroa Oinezeko protagonista nagusiak.

Artikuluak
Iñaki Egaña
2019/11/16
Iñaki Idigoras Igartua
2019/11/16
Víctor Moreno
2019/11/15
Gutunak
Maria Olga Santisteban Otegui
2019/11/15
Enrique Vivanco Fontquerni
2019/11/15
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2019/11/14
Azken post-ak
Dabid Lazkano
2019/11/16
Martin Garitano
2019/11/15
Martin Garitano
2019/11/13