Errigora, euskarari arnasa eta sustraiak emateko

Errigorak kanpaina berria jarri berri du martxan, ‘‘Auzolanean euskara sustraitik espaziora” lelopean. Atzo iragarri zuten Tafallan,  euskaltzale guztiei «ameslarien bandora» batzeko eta ekimenean parte hartzeko deia eginez. Urtero bezala, aurten ere eskaintza zabala izango da: bertako kontserben kaxak, produktu tipikoak, patxarana eta ardoa, besteak beste.

Jakina denez, Errigora elikagai eskaintza bat baino askoz gehiago da. Nafarroa erdi eta hegoaldeko oliba olio, kontserba, arroz, lekale eta ardoak dastatzeko aukera ez ezik, eguneroko hautuen bidez herria egiteko ekimena da. Euskara ofiziala ez den “Ager” zonatik abiatuta, hainbat bide jorratzen dituzte horretarako. Lehenik eta behin, bertako ekoizleekin egiten dute lan, bakoitza bere errealitatetik abiatuta bada ere, euskarari eta Euskal Herriari lotuago egon daitezen: besteak beste, ekoizleek euskara planak martxan jartzen dituzte eta auzolanean parte hartzen dute. Bigarrenik, elikadura burujabetzan aurrera urratsak egiten dira, bertako produktuak lehengai nagusi bihurtuz. Hirugarrenik, euskara ofizial ez den eremu horretan euskararen alde egiten diren ekimenak bultzatzen dira. Zehazki, lortutako diruaren %25 bideratzen da halakoetara –urtero 250.000 euro inguru; kanpaina guztiak batuta, hiru milioi euro baino gehiago, alajaina–. Esaterako, aurten egutegiekin ateratako diruaren erdia Lodosako ikastola finantzatzera bideratuko da. Hori dena auzolanean egiten da, Euskal Herri osoko ehunka lagunez osatutako boluntario sarearen laguntzarekin.

Elkartasunezko ekimen honetan parte hartzeko bi modu daude: boluntario sare zabal horretan izena ematea edota bertako elikagaiak erosi eta dastatzea. Ekintza xumea dirudi, baina Errigora bezalako ekimenek erakusten dutenez, halako esku hartzeak ezinbestekoak dira euskara, herria eta elikadura burujabetza uztartzeko eta bultzatzeko. Garai anker hauek bultzatzen duten korronte berekoi bortitzaren aurka, ekimen honek Euskal Herriko balore eta praktika baliotsuenak sustatzen ditu eta, aldi berean, zubi berriak eta muga erreal eta mentalak eraisten laguntzen du. 

Bilatu