Ertzaintzarekin dagoen arazoa ezin da ukatzen jarraitu

Irlandak, Britainia Handiak, Espainiako eta Frantziako Estatuek, Italiak eta Kanadak gogor salatu dituzte Gazarekiko Elkartasun Flotillan parte hartzen ari ziren beren herritarren legez kanpoko atxilotzeak eta Israelgo Segurtasun Indarrek eman dieten tratua. Aldeak alde, Giorgia Meloni, Italiako lehen ministroa, eta Catherine Connolly, Irlandako lehendakaria, Israelgo Gobernuari kontuak eskatzerakoan bat egiten ikusi ditugu.

Benjamin Netanyahu bera nazioarteko komunitatearen haserrea baretzen saiatu da. Nazioartean Palestinarekiko jarrera kriminalak aldatu ez diren arren, inflexio puntu bat izan daiteke eta ezin da gutxietsi.

Badago hemen puntu hipokrita eta arriskutsu bat: ezin da haserretu operazio errepresibo hauetan Mendebaldeko herritarrei emandako tratu txarrengatik, eta, aldi berean, Palestinan genozidioa, gerra krimenak, gosea arma gisa erabiltzea, apartheida eta okupazioa onartu. Guztiz koloniala, arrazista eta zitala da. Elkartasunaren aldeko militanteek ez dute arreta beraientzat eskatzen, baizik eta Mendebaldearen babesarekin Gazan gauzatzen ari den basakeriarentzat. Ekintzaileei emandako tratu txarren xehetasunak ezagutu ahala, haserrea zabaldu da. Baita Euskal Herrian ere, atzemandako sei euskal herritarretatik bi ospitaleratu baitzituzten. Normala da euren itzulera ospatzeko eta genozidioa salatzeko ongietorriak antolatzea.

Testuinguru honetan, solidarioen aurkako Ertzaintzaren oldarraldia Loiuko aireportuan polizia horren bilakaera autoritarioaren atal berri bat da. Ez dute Palestinako egoera ulertzen, berdin zaie, ez baita kirola, giza eskubideak dira. Kirola balitz, lasai. Bide batez, herritarrak ez bezala, ez dira Hondarribiko aireportuaz edo Tolosako hilerriaz oroitzen. Imanol Pradalesen Gobernuak ezin du Ertzaintzarekin duen arazoa ukatzen jarraitu. Premiazko neurriak behar dira.

[EDITORIALA: Nadie en el mundo puede entender la carga de la Ertzaintza]

Bilatu