Ertzaintzaren erabilera alderdikoia

Maiatzaren 7an Ernaik antolatutako mobilizazioetan atxilotu zituzten zortzi gazteetatik zazpik deklaratu zuten atzo Bilboko epaitegian. Egun hartan, Ertzaintzak gogor egin zuen Ernairen kontzentrazioen aurka; hirurogei zauritu baino gehiago izan ziren, eta gutxienez lau gaztek osasun-laguntza behar izan zuten. Ertzaintzaren indarkeria jasan zuten arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gorroto-delitua egitea egotzi die. Ernaiko kideen eta epaitegira akusatuak babestera joan ziren EH Bilduko legebiltzarkideek salatu zutenez, akusazio horrek ez du oinarririk.

Ernaik antolatutako elkarretaratzeek oinarrizko zerbait eta aldi berean iraultzailea den zerbait eskatzen zuten: gazteek bizi-proiektu bat garatzeko aukera izan dezatela. Agian horregatik kolpekatu zituzten hain gogor. Gazteria errepresioaren aurkako dinamikan sartuta ikusi nahi dute, eta ez herri honentzako beste etorkizun bat pentsatzen, irudikatzen eta hori gauzatzeko lan egiten. Karga horren atzean erantzukizun politiko handia dago. Alde batetik, Segurtasun Saileko arduradunek Ertzaintza helburu alderdikoiak lortzeko erabili dutelako. Erabilera hori oso larria da. Eta, bestetik, eta are larriagoa dena, horrelako erabakiekin balio demokratikoekin eta herritarrentzako zerbitzuarekin zerikusirik ez duen polizia-eredua sendotzen ari direlako. Eta azkenik, jipoituari delitu bat leporatzea Poliziaren neurrigabeko esku-hartzea defendatzea da. Horrek, gainera, zigorgabetasuna ematen die, funtzionario publikoen jardunean oinarrizkoa behar lukeen kontu-ematea bazterrean utzita.

Herri honetako gazteria garaiak eskatzen duen maila ematen ari da. Ez, ordea, EAJ. Jeltzaleek, iraganeko ohiturei eutsiz, herri honetako erakundeak euren mesederako erabiltzen jarraitzen dute. Erabilera kaskarra ematen diete eta gero kritikak gaizki hartzen dituzte. Erakundeak ez dira euren ondarea eta Ertzaintza herritar guztien zerbitzurako dagoela barneratu beharko lukete.

Bilatu