Estatu indarkeriaren apologia onartezina

Aieteren hamargarren urtemugak kontraste handiak utzi ditu. Batetik, ezker independentistak bizikidetza eraikitzeko gauzatutako ekimenak testuinguru politikoa astindu du, eta, bestetik, Estatuaren indarkeria goratzeko egin diren adierazpenak daude. Herri Batasuneko kideen aurkako bonba-gutunen bidalketan Felipe Gonzalezen Barne Ministerioaren erantzukizunari buruzko filtrazioari isiltasun lotsagarri batek jarraitu zion, eta ondoren espainiar Parlamentuak gertaera horiek ikertzeari uko egin zion. Horretaz gain, Rafael Vera, Ramon Jauregi eta Villarejo komisarioaren eskutik, Estatu indarkeriaren apologia iritsi zen, baita egungo Barne Ministerioak giza eskubideak ez errespetatzeagatik kondenatutako polizia bati eman zion kondekorazioa ere. Azken horiek edozein demokratarentzat jarduera eta adierazpen onartezinak dira; hala ere, etikak eta kontakizunak asko kezkatzen duten klase politikoaren erreakziorik txikiena ere ez dute eragin.

Bi gogoeta egin daitezke isiltasun horren inguruan. Alde batetik, jarrera horrek Estatuaren gerra zikinaren biktimak umiliatzen ditu. Adierazpen horiek ez dira salatzen, ez dira ikertzen, askatasun osoz egiten eta zabaltzen dira eta ez da deus gertatzen. Hori maila politiko eta humanoan onartezina da, atzo Egiari Zor Fundazioak salatu zuen moduan. Jarrera horrek ez du inondik ere laguntzen bizikidetza eraikitzen, eta, gainera, agerian uzten du klase politikoaren hipokrisia, zeinak argi eta garbi bereizten baititu indarkeriak, jatorri eta helburuen arabera.

Bestetik, isiltasunak adierazten du politikariek Estatu indarkeria bultzatu zutenekiko menpekotasuna dutela. Benetan agintzen dutenen aurrean ez dira ausartzen txintik esatera. Horrek bizi dugun sistema politiko tutelatuaren benetako izaera ez demokratikoa agerian uzten du. Garai batean sable hotsak entzuten ziren moduan, gaur egun Estatuaren estoldek hitz egiten dute inpunitate osoz. Ziklo berri honetan jasanezina eta onartezina den inpunitatea.

Bilatu