Euskal Herriko bost alkate, euskarak elkartuta

Ohikoa da herrialde bereko alkateak elkartzen direnean beren lurraldeko hizkuntzan mintzatzea. Euskal Herrian, besteak beste, ordea, horrelako topaketak ez dira ohikoak. Are gehiago, euskal hiriburuetako alkateei dagokienez, atzo artean ez da halakorik gertatu. Horregatik jo dute historikotzat Mondragon Unibertsitateko Huhezi-Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako ekitaldia, atzo Euskal Herriko bost hiriburutako alkateak bildu zituena: Juan Mari Aburto, Bilbokoa; Eneko Goia, Donostiakoa; Gorka Urtaran, Gasteizkoa; Joseba Asiron, Iruñekoa, eta Mixel Etxebest, Maulekoa. Historikotzat jo dute eta, izan ere, beharbada urteen joanean halakotzat gogoratzeko aukera izango da. Atzokoa ez baitzen alkate arteko bilera hutsa izan, euskaraz badakiten eta jarduten duten alkateen artekoa baizik. Historikoa, hala baita bost euskal hiriburutako alkateak euskaraz jakitea. 2008an Etxebest zuberotarra zen Euskal Herriko hiriburuetako alkate euskaldun bakarra; 2011tik aurrera, berriz, bi ziren, Etxebest bera eta Juan Karlos Izagirre, eta 2015az geroztik, atzoko mahai-inguruan parte hartu zuten bostak.    

 Solasaldian euskararekiko harremana izan zuten hizpide, eta gai horri dagokionez aurrean dituzten erronkak azaldu. Horietako batzuk, euskarari prestigioa ematea, ezagutzatik erabilerara egin beharreko bidea, kaleko euskara erosoa sortzea... Gizarte osoaren zeregina da hori guztia, baina baita instituzioena ere. Euskarak euskal gizartearen sostengua du, hari esker iraun du gaur arte, eta instituzioei gutxienik gizartearen mailan egotea dagokie, arlo guztietan hemengo hizkuntzan jarduteko aukera bermatzeko tresnak jarriz. Baita eredugarri agertuz ere, zentzuzkoa baita herritarrei gomendatzen zaiena egiten lehenak erakunde publikoak kudeatzen dituzten horiek izatea. Horregatik izan zen garrantzitsua atzoko ekitaldia eta bertan joera politiko desberdinetako bost alkateok elkarlanerako prest agertu izana, euskarak elkartuta.

Bilatu