Euskarak bizirauteko oinarriak eta baldintzak

Euskararen erabilera ez da atzo goizeko kezka, eta Soziolinguistika Klusterraren azken neurketak ez zuen bertan goxo egiteko motibo handirik eman. Denboraren perspektibak denerako aukera ematen du, baikor eta ezkor izateko; izan ere, duela bospasei hamarkada euskara, edozein arlotatik begiratuta, bere egoerarik larrienean zegoen. Orduan, noski, ezagutzan jarri zen fokua, eta hamarkada horiek igarota, ahalegin ikaragarria eginda, inoizko egoerarik onenean dagoela esan liteke ezagutzari dagokionez. Horrek ez du esan nahi baldintzarik onenetan dagoela, ordea, besteak beste kaleko erabilerak erakusten duenez. Euskara hizkuntza gutxitua da eta normalizazio bidean jarraitzen du.

Arreta ematen du, Soziolinguistika Klusterraren neurketak agertzen duenez, euskal hiriburuetan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzak euskara adina entzuteak, eta beste datu batek ere askotariko balorazioak egiteko tartea ematen du. Euskararen erabilerak ez du aurrera egin azken hamarkadan. Nonbait ere ezin liteke esan datu ona dela; hala ere, testuinguruak irakurketa baikorragoa egiteko bide ematen du. Hala uste dute Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak eta Xabier Aierdi soziologoak, euskararen biziraupenerako eta susperraldiari bide emateko oso oinarri sendoak jartzen ari direla uste dutenak. Beste hiztun komunitate gutxitu askoren egoera ikusita behinik behin, hemengo lorpenak ez dira edonolakoak, eta beste hainbat lekutan hizkuntza gutxituek hiriguneetan bereziki atzera egiten dutela kontuan izanda, euskal hiriguneetan eutsi izana nabarmentzeko moduko datua da.

Jakinekoa denez, eta adituok hala gogorarazi dute, hizkuntza nagusiak oso indartsuak dira eta aldeko baldintza gehienak dauzkate: legalak, sozialak, prestigioarekin lotuak eta praktikotasun mailakoak. Hizkuntza gutxituak, berriz, bizimodu zaharrarekin lotzen dira eta gazteentzat ez dira handiak bezain erakargarriak. Ondorioa ez da berria, baina bai argia. Hiztun komunitate gutxitu batek behar dituen baldintzak hizkuntza nagusiek dituztenak dira, bere buruaren gaineko erabakimenak bermatuko lituzkeenak.

Bilatu