Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan

Pasaiako sarraskian Pedro Mari Isart, Rafael Dalas, Dionisio Aizpuru eta Jose Mari Izura Komando Autonomo Antikapitalistako kideak balaz josi zituzten ehunka poliziek prestatutako segadan. Bahitua izan ondoren, tortura beldurgarriak pairatu zituen beren kide batek jarri zien hitzordua. Gaua zen Ipar Euskal Herritik Pasaiara euskal militanteen txalupa iritsi zenean eta hantxe bertan hil zituzten, Isart 28 bala zuloz, Izura beste 28 bala zuloz, eta mendekuari ankerkeria gehitzeko, lehen tiroketetatik bizirik atera ziren Delas eta Aizpuru bertatik bertara fusilatu zituzten, hurrenez hurren 21 eta 36 bala zulo eraginez. Sinestezina dirudi, baina gure herrian gertatu den errealitate gordina da, egiaren bidean argitu eta kontatu beharrekoa.

Zuzeneko lekukotza eman ahal duten sarraskituen bi kide bizirik daude oraindik, torturatua izan zena bat eta txalupatik bizirik atera zen bakarra bestea. Pako Etxeberria forentseak egindako autopsiaren txostena hor dago. Baina 39 urtetan urratu diren bide judizial guztiak agortuta egon dira. Ez da hilketaren arduradunik sekula epaitu, nahiz eta kasua artxibatzean kaleratu zen autoan «hilketa zantzuak» zirela aitortu zen. Paradoxa mingarri eta ankerra benetan. Hildako militanteen senideak gorputzen errekonozimendua egitera hurbiltzerakoan poliziek mespretxatu eta iraindu egin zituzten, haien minari krudeltasuna erantsiz. Urteotan egia jakiteko asmoz eskatu dituzten froga guzti-guztiak atzera bota dizkiete. Ez da egon ikertzeko inolako borondaterik. Baina, senideek bizi izan dituzten amorru eta ezin guztien gainetik, egiaren bandera zutik mantendu dute urteotan, justiziarena, gure herriak behar eta merezi duen memoria kondentsatuarena. Duin, etsi gabe, kategoriaz.

39 urte eta gero, Donostiako epaitegietatik esperantzarako izpiak iritsi dira familientzat. Errudunak ezagutzeko froga batera azaldu beharko dute zazpi poliziak, epaile berri batek ebatzi duenez. Hainbeste urte eta gero gauez tirokatu zintuena ezagutzea ez dirudi erraza, baina bada zerbait egiaren eta argiaren bidean. Sarraskitu zituzten lau euskal militanteen senideentzat ez da goiz, ez dadila beranduegi izan.

Bilatu