Ezkerreko indarrentzat erronka berria Lizarran

Oztopo guztien gainetik, asteartean azkenean alkatearen aurkako zentsura mozioa iritsi zen Lizarrako udalbatzara. Bozketa egin eta gero, Koldo Leozek aginte makila hartu zuen. Bertaratu zirenek bozkatu zuten, baina saioan ez zen inolako eztabaidarik izan. Orain arteko alkateak, Gonzalo Fuentesek, bere taldeko –UPNko– zinegotziek eta PSNko ordezkari bakarrak ez zuten udalbatzan parte hartu. Jarrera horrek eta azken egun hauetan egin dituzten adierazpenek eta zabaldu dituzten mehatxuek garbi utzi dute gobernu taldearen adostasunak bilatzeko gaitasun falta eta borondate eskasa.

Koldo Leozek guztiontzat gobernatzeko ahalegina egingo zuela azpimarratu zuen bere lehenengo mezu publikoan. Oposizioaren jarrera ikusita, bidea ez da xamurra izango. Hala ere, abiapuntu sendoa du: akordio zabal batekin iritsi da alkatetzara. Horrelako adostasuna lortzea ez da ohikoa eta ez da erraza izaten. Partaide guztien aldetik beharrezkoa da eskuzabaltasunez jokatzea eta guztion onura lehenestea, alderdi edo interes pertsonalak albo batera utziz. Eta hori teorian argi badago ere, praktikan gauzatzea askoz zailagoa izaten da. Baina Lizarrako indar aurrerakoiek urrats hori egitea lortu dute eta alkate berriak aurrekoak baino babes handiagoa bildu du. Horiek dira demokraziaren joko arauak. Orain, baina, osatu berri den gobernu talde aurrerakoiak erronka badu: aldaketa guztion onurarako izan dela demostratzea.

Alderdi batzuek betoaren eta aurkarien bazterketaren inguruan eraiki dute euren jarduera politikoa. Maila orokorrean behin-behineko emaitza batzuk eman ditzake lubakien estrategia horrek. Herrietan baina, beste dinamika batzuk nagusitzen dira. Herritarren arteko harreman zuzenek eta gertutasunak konfrontazio politika hutsalak zapuzten dituzte. Lizarrako indar aurrerakoiek horren adibide argia eskaini digute. Politika behetik gorako mugimenduan eraikitzen da.

Bilatu