Frantziskoren ondoko ziurgabetasuna
Urbi et orbi bedeinkazioa ematea izan zen Frantzisko aita santuaren jendaurreko azken agerraldia, joan den igandean, eta atzo goizean zendu zen, 88 urterekin. Duela hamabi urte hautatu zuten aita santu Jorge Mario Bergoglio argentinar jesuita, ustekabean, eta ustekabea izan ziren iritsi bezain laster agertu zituen asmoak. Munduko zenbait sektore progresistak benetako aldaketa sumatu zuten haren aitasantutzan, «pobreen Elizaren» gidaririk aproposena, munduko biztanleriaren parte handi baten erreferente morala izanda, eta Vatikanoa azaleraz eta populazioz munduko herrialderik txikiena bada ere, eragin nabarmena baitu. Eta, egiari zor, zenbait aldaketa sustatu ditu Bergogliok Eliza katolikoan, baina batzuek espero zuten iraultzara hurbildu ere egin gabe.
Igandean, halaber, Aita Santua AEBko presidenteorde J.D. Vanzerekin bildu zen eta Donald Trumpek migratzaileen aurka ezarritako politikak gaitzetsi zituen, urteotan gerrarako jarrerak gaitzetsi izan dituen bezala; esate baterako, NATO kritikatuz eta Palestina defendatuz. Asmo «progresista» agertu izan du, eta batzuetan asmoa baino gehiago, hala nola Elizaren barruko sexu abusuei dagokienez. Beste batzuetan, baina, asmo horiek adierazpen hutsetan geratu zaizkio. LGTBI kolektiboarekin hasieran agertu zuen jarrera aldaketa nabarmenaren zantzua zela uste izatekoa zen; hala ere, nahiz eta homosexualen aurkako jazarpena gaitzetsi zuen, argi utzi zuen homosexualitatea «bekatua» dela, eta antzera hitz egin zuen abortuaz eta eutanasiaz, bere pentsaera kontserbadorea ere argi utzita. Bestalde, Erromara baino lehen, Argentinan izan zuen jokabideari nekez esan dakioke progresista; batez ere, diktadurarekiko bere zalantzazko jarrera dela eta. Bergoglioren eta Frantziskoren argi-ilunak.
Nolanahi ere, ez da ahantzi behar zer erakunderen ardura zuen eta ez dela inorentzat samurra izango egitura zurrun horiek benetan aldatzea. Datozen asteetan ziurgabetasuna izango da nagusi; ikusteko dago Frantziskok zabaldutako leihotxoak hala jarraitzen duen edo Vatikanora sartu den aire fresko apur hori usteltzen utziko duten. Edozer izan liteke.