Gasteiztarren jai ordezkari duina, 1976an bezala
Gasteizko jaien amaieran, Iñaki Kerejazuk, Zeledon jaietako pertsonaia nagusiari bizia ematen dion gizabanakoak, gogoan izan zituen «gure aitona-amonak, duela 50 urte duintasun lezio bat eman zigutelako», urte hartako sarraskiaren ostean Gasteizko herritarrek erakutsi zuten jarrera goraipatuz. Hiriko alkateak ez zituen hitzok gogoko izan eta aurpegiratu egin zizkion atzo, jaietan ez dela «gai politikorik nahasi behar» esanez. Ordu batzuk geroago, baina, adierazpenok zuzendu eta Kerejazuri barkamena eskatu zion. Alkatearen lehen adierazpen polemikoak ez badira ere, hanka sartzea aitortzea ere balioetsi beharra dago. Edonola ere, hark esandakoak are gehiago nabarmendu du aurtengo Gasteizko jaien ezaugarri nagusietako bat, duela 50 urteko sarraskiaren oroipenak izan duen presentzia, hain zuzen.
Abuztuaren 6ko ekitaldiaz gain, nonahi ikusi dira egunero milaka lepo bildu dituzten zapi beltzak, eta Kerejazuk euskararekin, eraso matxistekin zein memoriarekin lotuta erakutsi duen jarrera bikaina ez da oharkabe gertatu. Zeledonek, azken hiru urtean Iñaki Kerejazuk, blusak eta neskak bakarrik ez, Gasteizko herritar oro ordezkatzen du jaietan. Duela 50 urte ardura bera zuen Jose Luis Isasik; orduko udal frankista jai egitaraua gauzatzen saiatu zen, bost hilabete lehenago Gasteizen ezer gertatu ez balitz bezala, baina blusa kuadrillek, herritar gehienen sostenguarekin, ospakizun oro bertan behera uztea erabaki zuten, eta Isasik uko egin zion Zalduondoko baserritarrarena egiteari. Enrique Orivek bere burua eskaini zuen San Migel dorretik jaitsi zen panpinari bizia emateko, baina plaza erdi hutsean zeuden herritarren txistuak jaso zituen, sasoian debekatutako ikurrina ugari agertzeaz batera. Jaiaren ordez, preso politikoen aldeko mobilizazioak eta Poliziaren errepresioa nagusitu ziren.
Beraz, duela 50 urte ez zen jairik ospatu, baina jaien protagonistek eta oro har herritarrek hala erabaki zutelako, instituzio frankistek horrelako «kontu politikoak» gogoko ez bazituzten ere. Gasteiztarrek harro egoteko moduko jai ordezkariak izan dituzte, eta Kerejazuk erakutsi du haien oinordeko duina dela, aparteko sentsibilitatea agertuta.