Gazteak eta sare sozialak; planteatu gabeko galderak
Egungo gizarteak espiritu kritikorik gabe onartzen ditu aldaketa teknologikoak, berrikuntza guztiak berez onak balira bezala. Edozein berritasun dagoenean, hori aplikatzeko interesa gailentzen da, beste edozein hausnarketa bazterrean utzita. Oro har, inork ez dio bere buruari galdetzen gailu berri hori nork sustatu duen, zertarako diseinatu den, nola funtzionatzen duen edo nori egiten dion mesede. Alta, asmakizun berri bat onartu eta zabaldu aurretik erantzun beharreko galdera garrantzitsuak dira.
Gizartea orain hasi da ohartzen zer ondorio izaten ari den telefono mugikorretako sare sozialen garapena; gailu horiek etengabe konektatzen dituzte pertsonak espazio digitalarekin, beren harreman sozialak eta bizimodua erabat eraldatuz. GARAk BBK Kunako zuzendari Kristian Prietori eginiko gaurko elkarrizketak datu ugari eskaintzen ditu Z belaunaldiko gazteen artean informazioaren eta komunikazioaren teknologien hedapen azkarrak eragin dituen nahi gabeko ondorioei buruz. Besteak beste, gazteek bizi-erritmo frenetikoa dutela aitortzen dute, batzuetan zerbait garrantzitsua galtzeko beldurrak elikatutakoa. Sare sozialetako harremanak azalekoak direla esaten dute, eta onartzen dute trebetasun sozialik ez dutela eta horregatik ez dutela parte hartzen hala egin nahi luketen ekimen komunitarioetan. Sareetako harreman sozialen berehalakotasun eta azalekotasunak euren osasun emozional eta mentalean isla du. Lautik batek dio bakarrik sentitzen dela, eta ia zazpitik batek, abandonatuta sentitzen dela. Hala, askok sare sozialak uztea pentsatzen ari direla aitortu dute.
Sare sozialek gazteen osasun mentalean dituzten ondorioen eta eskoletan pantailak erabiltzeak ikaskuntzan duen eraginaren gaineko eztabaida pizten ari da, besteak beste. Asmakuntza askoren ondorio txarrez orain jabetzen ari da gizartea. Okerrena da gazteenei kalte egiten dietela, ikasteko gaitasuna oztopatuz, trebetasun sozialak galaraziz eta osasun mentala ahulduz. Gizarteak orain arte egin ez dituen galderak egiten hasteko unea iritsi da, gazteek arnasa hartzeko eta deskonektatzeko aukera izan dezaten.