Gazteen osasun mentala, sinplifikaziorik gabe

Nerabeen osasun mentalarekiko kezka pandemia ostean nabarmendu zen; hala ere, gazte horien depresio eta antsietate nahasmenduen kasuen kopurua iragan mendeko azken hamarkadan hasi zen pixkanaka gora egiten, eta hala jarraitzen duela ematen du. Nerabeek gero eta antsiolitiko eta lasaigarri gehiago kontsumitzen dituzte datuen arabera, baina diskurtso alarmista oztopoa izan daiteke fenomenoa bere osotasunean aztertzeko; hala uste du Xabi Martinez Mendia EHUko ikertzaileak. Hain zuzen, pandemia ostean hasi zuen bere tesia, baita bere ikerketa talde OPIKek kezka horien inguruko lana ere, Europako 32 herrialdetako faktore ekonomikoek eta genero arteko desberdintasunek psikotropikoen kontsumoan nola eragin dezaketen jakiteko xedez. 

Lanaren arabera, bada osasun mentalaren adierazgarrien eta esandako faktoreen arteko erlaziorik, baina oso desberdina herrialdetik herrialdera. Atentzioa ematen du, esate baterako, desberdintasun sozial eta ekonomiko handiagoa dagoen herrialdeetako kontsumoa txikiagoa izateak. Martinezek orrialdeotan irakurgai dagoen elkarrizketan dioenez, per capita errenta handiagoko herrialdeek sendagai horiek behar direnean banatzeko gai den osasun sistema dute. Beste alde batetik, herrialde gehienetan nesken kontsumo tasa mutilena baino handiagoa da, eta horretan hainbat faktorek eragiten dute, horietako bat medikuarenera joateko aldez aurreko joera handiagoa. Edonola ere, EHUko ikertzaileak uste du genero berdintasunean aurrera egiteak kontsumo tasen desberdintasuna murriztuko lukeela.  

Ikerketak argi utzi du aztergai horretan hainbat faktorek eragiten dutela, hainbat gazteren ondoezetik gaur egun norberak gaizki dagoela esateko joera handiagora; hala ere, psikotropikoen kontsumoa ez da osasun sistemaren kontua bakarrik. Lanaren ondorioetako bat da genero berdintasuna, besteak beste, osasun mentalaren arloan ere lagungarria dela. Bestela esanda, osasun publikoaren ardura beste eremuetan ere bilatu beharra dago, eta, beraz, hartarako onuragarriak dira berdintasun, justizia eta ongizate politikak.

Bilatu