Geldiarazi beharrean, bizkortu egin dute
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek ETAk zenbait arma indargabetu dituela ziurtatu zuten joan den ostiralean, eta, are garrantzitsuagoa, erakunde horrek erabateko desarmatzea aurrera eramateko borondatea duela. Eta jakinarazpen horren ondotik beste egiaztapen bat iritsi zen berehala, Gobernu espainiarraren jarrera «ezohikoa». Ezohikoa munduan zehar, ohikoegia Euskal Herriko konponbide prozesuari dagokionez. Ohikoa baita Madrilek prozesuari erasoz erantzutea.
Hala ere, azken egunotako gertakariek ondorio argia eskaini dute, eraso horren eta polemika interesatuen gainetik, konponbide prozesua indartu egin dela, Euskal Herrian bezala nazioartean ere. Horren erakusgarri dira, euskal eragileen artean, gehiengo politiko eta sindikalaren erreakzioak: Urkullu lehendakariarena, Ipar eta Euskal Herriko alderdi eta hautetsiena, sindikatuena... Nazioartean, berriz, nabarmentzekoak dira mundu osoan eragin handia duten bi lider oso desberdinen atxikimendua, Bill Clintonena eta Luiz Inacio Lula da Silvarena, hain zuzen. Aniztasun bera sumarazten dute aste honetan Aieten izango den ekitaldian parte hartuko dutenek; esate baterako, Gerry Adams, Jonathan Powell edo Bertie Ahernek. Egia da -eta ez ikusia egiterik ez dagoen faktorea- estatuek hainbat kontu tekniko -esate baterako, presoekin, jazarpen politikarekin edo neurri batean armagabetzearekin zerikusia dutenak- konpontzeko giltza dutela; hala ere, egia da, halaber, ezin izan dutela prozesua geldiarazi. Aitzitik, horien jarrera immobilistak Euskal Herriko eta nazioarteko jarrera positiboak bizkortu egin dituzte.
Azpimarratu beharra dago, azkenik, euskal gizarteak eragiteko duen gaitasuna. Izan ere, gizartearen parte-hartzea oinarri izan zuen Foro Sozialak duela urtebete markatu zuen bidetik iritsi dira presoen arloan eta desarmatzeari dagokionez egindako urratsak. Eraso eta oztopoen aurrean kikildu edo erreakzionatu gabe geratu beharrean, irudimena lagun, bide berriak aurkitzeko prozedurak ez dira alferrikakoak izan, ezta hurrik eman ere. Etekinak bistan dira, eta kontrakoa erakusten dute.