Gerretarako armak, armetarako gerrak

Gerraren industriak errekorretik errekorrera jarraitzen du. Sipri institutuak egindako txostenaren arabera, armagintzako enpresek sekula erregistratu den zenbakirik handiena eskuratu zuten 2024an: 6.679.000 milioi dolar, hau da, urtebetean %5,9ko gehikuntza. Hamarkada batean (2015-2024) %26 handitu dituzte diru sarrerak, eta ziurrenik 2025eko datuek ere goranzko joera hori berretsiko dute. Beste hainbat datu adierazgarri ere badaude. Adibidez, enpresa horien artean AEBkoak dira nagusi –bost garrantzitsuenetatik lauk bertan dute egoitza–; Israelgo enpresen irabaziek, berriz, %16 egin dute gora.

Agerikoa den bezala, irabazien gorakada hori ezin da ulertu mundu mailako eskalada militarra kontuan hartu gabe. Trantsizio geopolitikoan eta zibilizazio krisi betean murgilduta, horrek eragindako kaos eta ezegonkortasun egoerak gerraren bitartez askatzeko tentaldia ari da nagusitzen. Eta hor espiral arriskutsu bat ezartzen da. Alde batetik, agintari politiko eta instituzional nagusiek gerra hipotetiko zein errealetarako arma gehiago behar direla azpimarratzen dute etengabe. Segurtasunaren izenean, «berrarmatu» eta gerraren industria indartzeko deia egiten da, baliabide publikoak armagintzara birbideratuz –gainkostu sistemikoek erakusten duten bezala, gardentasun eta kontrol urriarekin–. Bestetik, arma horientzako gerrak bultzatzen dira. Kazetariek kioskoak edo nekazariek azokak bezalaxe, gerrako industriaren arduradunek gerrak behar dituzte haien “merkantzien” salmenta biderkatzeko. Milaka pertsonaren heriotza edota herrien genozidioak, albo kalteak baino, negozioa egiteko ezinbesteko baldintza dira. Israelgo enpresa genoziden emaitzek islatzen duten bezala, sarraskiak zenbat eta handiagoak izan, mozkinak ere orduan eta oparoagoak dira.

Espiral kriminal hori eten egin behar da. Gerrari gerra egin, korapiloak askatzeko bide gisa nazioarteko zuzenbidea, negoziazioa, elkarrizketa eta kooperazioa nagusitu daitezen. Izan ere, gaur-gaurkoz, justizia sozialean, trantsizio sozioekologikoan edota herrien autodeterminazioan aurrera egingo bada, ez dago hori baino arma eraginkorragorik.

Bilatu