Grebaren balio nagusiak herriaren indarra eta elkartasuna dira
Borroka soziolaboralaren parametro tradizionaletan, greba orokor baten lehen balioa presioa da, indarra. Atzokoak euskal gehiengo sindikalak agenda publikoan eragina duen dinamika soziopolitiko bat diseinatu eta sostengatzeko gaitasuna duela erakusten du, baita egunean bertan sektore zabaletan jarduera ekonomikoaren beherakada nabarmena eragitekoa eta mobilizazio handiak sortzekoa ere. Inguruan indar hori ez da ohikoa, eta joera atzerakoienen aurrean Euskal Herriak duen erresilientzia azalpenaren parte izan daiteke.
Gutxieneko soldata propioaren aldeko grebaren kasuan, beste osagai berezi bat ere badago: eskaera horrek protestan parte hartzera deitutako askori ez die zuzenean eragiten. Izan ere, indar harremanagatik, lehiakortasunagatik edo partekatutako konpromisoagatik, haien enpresetan oinarrizko soldata atzo eskatzen zena baino altuagoa da. Era berean, beren erabakiz, autonomo eta enpresa txiki askok bat egin zuten lanuztearekin. Gauza bera esan daiteke kooperatiba askoren kasuan ere.
Kasu horietan guztietan, milaka eta milaka pertsonarentzat, ehunka enpresa eta negoziorentzat, greba egiteko faktore erabakigarria elkartasuna da. Lanak bizitza duina izateko, integratzeko eta emantzipatzeko bide izan behar duela sinesten dute. Herri baten osasuna neurtzeko, txiroenak nola tratatzen dituen kontuan hartu behar dela uste dute. Burujabetzak jendarte hobe baten alde egin behar duela ere defendatzen dute. Halaber, kalkulu politiko bat ere partekatzen dute: patronal neurrigabe baten eta administrazio axolagabe baten aurrean, langileen interesen ordezkaritza sendoa beharrezkoa dela.
Garaipen giroa alboratuta, atzokoa indar erakustaldia izan zen; herri indarrarena, hain zuzen ere.