Gurpil zoroa eten behar da, berandu baino lehen
Atzo Irango kanpo ministro Esmail Baghaeik ezagutzera eman zuenez, Arma Nuklearren Ugaritzearen Aurkako Ituna uzteko bide orria prestatzen ari da hango Parlamentua. Teheranek 1970ean bat egin zuen nazioarteko akordio garrantzitsu honekin, eta 1979ko iraultzaren ondoren konpromisoari eutsi zion. Israelek aurreko ostiralean hasitako erasoek, ordea, orain arte saihestutako urratsa egitera bultzatu dute Ekialde Hurbileko estatu populatuena.
Albiste txarra, inondik ere, baina ez arraroa. Irango azpiegitura nuklearrak eta han lan egiten zuten zientzialariak izan dira Tel Aviven bonben jomuga nagusia. Nola ez dute bertako agintariek ondorioztatuko Israelen erasoak saihesteko bonba nuklearra behar dutela? Hura lortuz gero, Israel ausartuko al da erasoa jotzera? Helburu nagusia bonba horren produkzioa galaraztea izan dela dio Benjamin Netanyahuren Gobernuak, baina Iranek hura lortzeko borondatea indartzea besterik ez du lortu. Atzoko albistea da horren erakuslerik argiena. Bide batez, ardurak banatzeko orduan, gauza batzuk gogoratzea komeni da: Israelek ezkutuan lortu zuen armamentu bati buruz ari gara, hala nola sionistek inoiz sinatu ez duten ugaritzearen aurkako itun bati buruz. Bestalde, Europak arnasari eutsi zion, Zaporizhiako zentral ukrainarra bonben ituan egon zenean. Orain badirudi debalde dela Irango azpiegitura nuklearrak bonbardatzea. Gauzak neurtzeko bi erregela desberdin erabiltzeak ez du inoiz ondorio onik ekarri.
Hala nazioarteko zuzenbidea eta hura zaintzeko erakundeak nola arrisku nuklearra saihesteko konpromisoak urtzen ari dira. Horrela adierazi zuen atzo Bakearen Ikerketarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuak (Sipri, ingelesez). Izen handiko erakunde honen arabera, «armamentu norgehiagoka nuklear berri eta arriskutsu bat sortzen ari da, armen kontrolerako tresnak larriki ahulduta dauden une batean». Alternatiba oihana da, eta oihanean indartsuenaren legeak agintzen du. Hortaz, ahalik indartsuena izateko lasterketa abian da. Erraz martxan jarri baina nola amaituko den inork ez dakien gurpil zoroa da bizi duguna.