Herri honen ongizatearen etorkizuna dago jokoan

Osakidetzako langileek kontzentrazioak egin zituzten atzo, Lehen Arretan bizi duten muturreko egoera salatzeko eta Osasun Sailari konpromiso sendo eta erabatekoa eskatzeko. Nabarmentzekoa da, ohi ez bezala, sindikatu guztien adostasunarekin egin zela deialdia. Atzoko mobilizazioari gehitu behar zaio aste honetan ere greba deialdi bat egon dela Hezkuntzan. Horren antolatzaileek antzeko eskaerak mahaigaineratu zituzten; izan ere, Hezkuntzako eragileek Administrazioari segurtasuna bermatzeko behingoz baliabideak jartzeko eskatu zioten.
Gure ongizatearen oinarria –eta erregimen autonomikoaren ardatz nagusia– izan diren zerbitzuak oso egoera zailean daude. Eta atzo Osasungintzako profesionalek esan zuten bezala, egungo arazoak aurreko urteetako murrizketa-politikaren ondorio dira. Pandemiak lehendik oso prekarioa zen egoera bat areagotu besterik ez du egin. Horri gehitu behar zaio Administrazioak uda osoa izan duela neurriak hartzeko baina ez duela ezer egin. Agian, arrazoia izan liteke murrizketen politika hain barneratuta dagoenez diru-bilketa txikitu denean arduradun politikoak ez direla ausartu ezer gastatzera. Beste aukera da –aurrekoa bezain okerra– ez dakitela zer egin. Beharbada, benetako arazoa aurrekari bat ez ezarri nahia da. Orain langileen aldarrikapenak onartzen badituzte eta zerbitzu publikoetako langilerian eta baliabideetan inbertitzen badute, gaur arte egindako bidea okerra zela aitortuko dute, eta are okerragoa dena: zerbitzu publikoak hobetzeak bidea itxiko lioke osasun eta irakaskuntza pribatuaren edonolako hedapeni, eta hori da, funtsean, gastu sozialaren murrizketa horien guztien helburu nagusia: pribatizazioa.
Oraindik ez dakigu deus datorren ekitaldirako aurrekontuez, baina Irakaskuntzari eta Osasun Publikoari behar adina baliabide bideratzea lehentasun politikoa bihurtu da dagoeneko. Erronka horretan dago jokoan Euskal Herriaren ongizatearen etorkizuna.

Bilatu