Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da

Bi mobilizazio izan ziren atzo Euskal Herrian, Gazako genozidioaren amaiera eskatzeko. Yala Nafarroak eta BDZ Nafarroak antolatutako manifestazio batek Iruñeko kaleak zeharkatu zituen. Eta, bestetik, Donostian, Gernika-Palestinak gorputegi bat irudikatu zuen udaletxearen aurrean, 500 pertsona maindire zuritan bilduta. Irudi zirraragarria, Palestinako hildakoak Euskal Herriko hildakoak ere badirela adierazteko.

Irudiak garrantzitsuak dira, baina ez dira nahikoa Estatu sionista Gazan egiten ari den sarraskia amaitzeko. Bi manifestazioek hitzetatik ekintzetara igarotzearen garrantzia azpimarratu zuten, Israel Gazako genozidioa geldiaraztera behartzeko. Onartu zuten Europako buruzagien isiltasun konplizea hautsi dela Israel egiten ari den izugarrikerien ondorioz, baina baita herritarren presioari esker ere. Hala ere, hitzek ez dute ezertarako balio, neurri zehatzak hartzen ez badira, hala nola Israelekin harreman ekonomikoak eta militarrak etetea eta merkataritza eta erakunde loturak bertan behera uztea. Ekintzen artean, manifestariek CAFi Israelekin dituen kontratuak deuseztatzeko egin zioten eskaera nabarmentzekoa da. Neurri zehatzak hartzen ez diren bitartean, Tzahalek gobernu sionistak, AEBko gobernuarekin batera, antolatutako laguntza banatzeko guneetara hurbiltzen diren palestinarrak hiltzen jarraituko du. Atzo horrelako gune batean beste 31 palestinar hil zutela salatu zuen Gazako Osasun ministroak. Urrats zehatzik egiten ez den bitartean, herritarrak gosez hiltzen ari den blokeoa mantentzen segituko du Netanyahuren Gobernuak; eta lekukoen presentzia galarazten jarraituko du, diplomazialariak tirokatuz, duela egun batzuk bezala, edo herrialde arabiarretako Kanpo Arazoetako zenbait ministroren bisita eragotziz, atzo egin zuen bezala.

Gazako setioak iraun duen 20 hilabeteetan, euskal herritarrak behin eta berriz azaldu dira Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren aurka. Orain elite politikoak diskurtso aldatzen ari dira, baina hori ez da nahikoa. Herrialde honetako agintari ekonomikoek eta politikoek Israelekin harremanak eten ditzaten urrats zehatzak egiten hasteko garaia iritsi da.

Bilatu