Hungaria, sintoma baten beste erakusgarri bat

Viktor Orbanen eta hungariarren arteko harreman sendo eta luzea amaitu da. Peter Magyar izango da hurrengo lehen ministroa igandeko garaipenaren ondoren. Ustekabea izan da Tisza alderdiak Orbanen Fideszi atera dion aldea; badirudi, beraz, bere aldeko botoak ez ezik –eta batez ere–, Orbanen aurkako beste asko ere jaso zituela igandean; izan ere, zenbait alderdi, tartean sozialistak eta berdeak, ez ziren aurkeztu ere egin, Magyarren alderdiaren garaipena errazte aldera. Europar Batasuneko kideei lasaitua ekarri die garaipen horrek.

Europako eskuin muturraren babesa eta bereziki Trumpena ez dago oso argi oso mesedegarri izan ote zaizkion Orbani. Oposizioak herritarrak mobilizatzea lortu du, etxean geratzen zirenak ere bai, boto emaileen %80 horrek erakusten duen bezala. Edonola ere, badirudi Magyarrek bere esparru politikotik kanpoko boto asko ere eskuratu dituela, eta Tiszak jaso duen sostenguan ez da zaila ikustea herritarren aldaketa nahia. Aldaketa nahi hori neurri handian herrialdeko ekonomiaren geldialdiak, inbertsioen beherakadak eta bizi kalitatea kaskartu izanak eragin bide dute, ahaztu gabe, baina bigarren plano batean, ustelkeria kasuak. Tiszak lortutako bi hereneneko gehiengoak Konstituzioa aldatzeko aukera emango dio eta, hala, baita Orbanen Gobernuak egindako lege moldaketak bertan behera uzteko ere, hala nola Justizia kontrolatzeko egindakoak eta hauteskunde sistemaren moldaketak. Besterik da Magyar noraino joango den Estatuaren egituretan egin beharreko aldaketa horietan. 
 
EBra begirako politikak alde bat utzita, Magyar Orbanen alderditik ateratako politikaria da, eta immigrazio kontuetan, esate baterako, ez dago Orbanen alderditik oso urrun, eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei dagokienez, ez du argi hitz egin. Horiek horrela, esan liteke hungariarrek txarrik onena hautatu dutela? Nolanahi den, badirudi zerbaiten sintoma ere badela Magyarren garaipena, edo Orbanen porrota. Eta ez sintoma isolatua; azkenaldi honetan, Italiako erreferenduma eta Esloveniako hauteskundeak ere oro har muturreko eskuinaren ibilbidearen erakusgarri dira.

Bilatu