Iraultza trankil baterako oinarriak landuz

Egunerokoaren abiada frenetikoaz eta ohikeria informatiboaren arinkeriaz harago, ezker abertzalea eztabaida prozesu eder eta zorrotza burutzen ari da. Autoatseginkerian bertan gozo egotearen kontra, kontsigna eta esloganen aurrean argudioak emanez, eta, iragana irakasgai, geroa mentalitate eta epika berri baten eskutik eraikitzea xede, hotsandiko aritzeke esan daiteke iraultza trankil baten oinarriak finkatzen ari dela. Ez da ariketa erraza izango, ez da inoiz guztiz burutua izango, ezinbesteko bezain beharrezko diren kontraesanak sortuko ditu bide horretan aurrera egin ahal izateko. Pentsatzeko moldea eta bere buruaz pentsatzen duena aldatu beharko da, nostalgian ainguratua ez den begirada berriarekin, orain arteko egia asko zalantzan jarri eta, zailtasuna handituz, hein batean, hori dena orain arteko kidegoak egitea.

Euskal gazteriara egokituz, ariketa mardul horren itzulpenaren inguruan mintzo dira gaur Ernairen bozeramaileak orrialdeotan, beren erakundearen kongresua aurkeztean. Esanahi handiko hitz soiletan, identitate kolektibo berri bat sortu beharraz ari dira. Borrokalaria, baina borrokaren zentzu tragikorik gabea. Militantea, baina naturala, arina eta ez zurruna. Epika berri baten eskutik egingo duela aurreratu du Ernaik. Hori ere beharko da, bai. «Garaipenera kondenatuak», eustea irabaztea da eta hortzak erakutsiz asmo bat erradikalagoa dela bezalako usteez harago, balioak jorratzea, gazte mugimendua eraikitzea, egiturak prestatzea lehenetsiko dituena. Aukera berriak sortuz, gazteekin gazteentzat, independentzia helburu euskal gizartea aldatzeko, Euskal Herria bizi dadin.

Logika berri horri denbora eman behar zaio. Atmosfera egokia, baliabide aproposekin hornitu. Hartara, Ernai erakundeak berak eta bere egiturak, natural-natural, umiltasunez, abangoardiakeriarik gabe, iraultza propioari ekingo diote. Diagnostiko zuzena osatuta, hizkera berri eta fresko batez bere asmoa zabaldu du, gogoa eta kuraia ez ditu faltan. Osagai guztiak, beraz, mahai gainean daude. On egin.

Bilatu