Irudiak, zapaltzaileen izaera agerian uzteko

Atzo, Israelgo Poliziak Al Jazeera kateko kazetari Xireen Abu Akleh hilkutxan zeraman jendetzaren aurka kargatu zuen. Kazetaria Israelgo Armadak tiroz hil zuen asteazkenean, okupazio indarrek Zisjordanian eginiko enegarren erasoaldiaren berri ematen ari zela. Atzoko karga Jerusalemgo Saint Joseph ospitalearen sarreran gertatu zen, eta irudiek munduari bira eman eta sumindura eragin zuten. Israelen jokamoldea gaitzetsi zuen jendeak, palestinarrei beren hildakoak bakean lurperatzen ere ez dietelako uzten.

Deigarria da halako erreakzioa sortzea, horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia balitz bezala. Mota horretako erasoak ohikoak dira, baina ez soilik Palestinan, ez soilik Israelgo okupazio indarrek eginda. AEBk, adibidez, behin baino gehiagotan eraso zieten Pakistan eta Afganistanen hiletei, ustezko «terroristak» hiltzeko, baina zibilak sarraskituz. Europako herrialdeek munduan egindako ankerkeriak ez dira atzean gelditzen. Eta ez soilik mundu zabalean, Europan ere errebeldeen aurkako biolentzia hiletetara ere eraman dute. Irlandan, esate baterako, gogoan dute Gibraltarren hildako IRAko hiru militanteen ehorzketan Milltowngo hilerrian izandako erasoa. Eta Euskal Herrian asko izan dira okupazio indarrek hiletetan egin dituzten erasoak. Aski da gogoratzea 1986an Bilbon Joseba Asensio “Kirruli”-ren hiletan Polizia espainolak egindako karga edo 1995ean Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuen ehorzketan Tolosako hilerrian izandako Ertzaintzaren kargak. Nonbait, indar okupatzaileek ezin dute onartu herriak euren hildakoei omenaldia egitea.

Orain dela urtebete Israelgo Armadak nazioarteko prentsaren egoitzari eraso egin zion Gazan. Aste honetan Al Jazeerako kazetaria hil du. Argi dago okupazio indarrek ez dutela beren gehiegikerien lekukorik nahi, ez baitute ez ezer ez inor errespetatzen. Eta astakeria horiek argitara ateratzen direnean amorrua eragiten dute mundu osoan, indar okupatzaileen benetako izaera zapaltzailea agerian utziz. Argi eta takigrafo gehiago ezinbestekoak dira.

Bilatu