Jai eredu atzerakoiak, aldaketarako oztopo

Duela hiru urte Bilduko Udal Gobernuak zezenketak kentzeko harturiko erabakia atzera botata, aurtengo Donostiako Aste Nagusian Illunbera itzuliko dira, Eneko Goia jeltzaleak gidatutako Udalak hala erabakita. Hauxe izan da gobernu berriaren lehenengo erabakietako bat, zezenketen aldeko eskaera esanguratsurik egon ez bada ere. Are gehiago, ekimenak aldeko baino kontrako ahots gehiago eragin ditu, atzoko manifestazioan ikusi zen moduan. Horien aurrean, zezenketak ekimen pribatu bat direla aldarrikatu du alkateak eta, hortaz, beste edozein ospakizun bezala antolatzeko eskubidea dagoela. Kontua zera da ordea, ekintza horren antolakuntzarako hainbat erraztasun eskaini direla.

Zezenketena ez da Goiak Aste Nagusiaren inguruan buruan duen aldaketa bakarra. Azken egunotan Salbearen prozesioa berreskuratzeko desioa ere adierazi du, nahiz eta kontsentsu faltagatik azkenean ez den aurrera atera. Ekimen pribatu eta erlijiosoak antolatzea eskubidea dela ezin da ukatu; halakoak Udalak bultzatzea, ordea, eztabaidarako auzia izan beharko litzateke. Prozesioaren kasuan, instituzioaren akonfesionaltasuna zalantzan jartzen duelako. Zezenketei dagokienez, Donostian ekitaldi honetara bertaratzen zen publiko eskasa ikusita ulergaitza egiten da Udalaren tema, eta salagarria ere bada, horretarako diru publikoa xahutzen den heinean.

Bada honen guztiaren atzean kezkagarria egiten den beste afera bat, hain zuzen, Udalak bultzatu nahi duen jai ereduaren ingurukoa. Ez dira, inondik inora, hiritargoaren eskaerari erantzuten dioten ekimenak. EAJk, ordea, herritarren hitzari entzungor egin, eta zaharkituak direla ageri duten ospakizun batzuei eustera bideratu ditu eginahalak. Juan Carlos Borboikoa errege espainola zezenketetan ohorezko gonbidatu izatea izaera atzerakoi horren adibide garbia da. Jaiak herri honen nortasunaren elementu garrantzitsua izanik, ezinbestekoa da herritarren hitza kontuan izan eta hauen parte-hartzea sustatzea. Atzera egin beharrean, aurrera egingo duen eredu bat eraikiz.

Bilatu