Justiziak hitz egin du, justizia iritsi bitartean
Britainia Handiko Gobernuak Palestine Action talde aktibistari joan den uztailean ezarritako debekua legez kanpokotzat jo du Londresko Auzitegi Nagusiak. Besteak beste, Elbit Systems armagintza enpresa israeldarraren egoitzaren aurkako sabotajeak egitea eta Royal Air Forceren bi hegazkin militar pintura gorriz margotzea leporatuta, hainbat aktibista preso sartu ondoren, taldea «terroristatzat» jo zuen Keir Starmerren Gobernuak. Londresko auzitegiak, berriz, «neurriz kanpoko» erabakia izan zela dio. Palestine Action debekatu zutenez geroztik, 2.700 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte taldeari sostengua adierazteagatik. Gobernuak erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera dauka; edonola ere, auzi horren ondorioz higatutako legitimitatea nekez berreskuratuko du.
Palestine Action taldearen jardunak, eta oro har Israel egiten ari den genozidioaren aurkako borrokak, argiro erakutsi du gizarte zibilaren eta gobernuen arteko urruntzea. Gobernuek beraiekin bat ez etortzeko eskubidea onartzen dutela diote, baina zerbitzatu behar duten jendarteak bere desadostasuna adierazten badu, kriminalizatu egingo dute. Jokabide hori ez da arrotza Euskal Herrian. Hain zuzen, horri aurre egin beharra nabarmentzen du Ttanttaka konpainiaren “Desobedienteak 18/98” antzezlanak. Makroprozesu judizial hartatik abiatuta, desobedientzia zibilaren historian barrena arakatuz, borroka molde horren zentzua eta eraginkortasuna azaltzen ditu, eta gaur egun ere jendarteak beharrezko duen tresna hori aldarrikatzen du. Injustizia asko gainditzeko, legea urratuta egindako urrats horiek gabe, askoz atzerago egongo litzateke mundua eskubideen arloan. Inork ez du hori ukatzen. Hala izan da Indian eta Euskal Herrian, 1955eko New Yorken eta 2025eko Baztanen. Baina urrats horiek egin zituztenek jasandako bidegabekeriek ez dute atzera bueltarik, eta haiek bidegabe zigortu zituztenek zigorgabe iraun dute.
Izan ere, injustizia nabarmena eragin izanak Starmerren Gobernuari ekar liezazkiokeen zilegitasun galera eta kostu politikoaz landa, Justizia aparatuaren eragina mugatua da botere politikoaren edo ekonomikoaren aurrean.