Kolonbiako bozak, aurrera edo atzera egiteko

Maiatzaren 31n hauteskundeak izango dira Kolonbian. Pacto Historico koalizioko Ivan Cepeda da ezkerreko hautagaia, giza eskubideen defentsan ibilbide luzea egin duen filosofo eta politikaria. Eskuinean, berriz, bi hautagai aurkeztu dira: Paloma Valencia eta Abelardo de la Espriella, ñabardurak ñabardura, biak ere Milei, Noboa, Bukele eta enparauen sokakoak. Orain lau urte ezkerrak estreinakoz irabazi ostean, asko dago jokoan: batetik, Kolonbian abiatutako aldaketan sakonduko den edo erreakzionarioak gailenduko diren; bestetik, Latinoamerikako eta Amerika osoko deman Kolonbia norantz lerratuko den.

Kolonbiako gobernu eta estatu egituretan hamarkadetan zehar eskuindarrak nagusi izan direla kontuan izanik, lau urteko agintaldia laburra da oso. Hala ere, Gustavo Petro eta Francia Marquezen Gobernuak zenbait urrats esanguratsu bultzatu ditu: Estatuaren indarkeria zuzena nabarmen murriztu da, gutxien dutenen bizi baldintzak hobetu egin dira –gutxieneko soldata, ama bakarrentzako laguntzak–, nekazaritza erreformarekin 750.000 hektarea nekazarien esku jarri dira, trantsizio energetikoan eta deskarbonizazioan pausoak eman dira...  Ez da gutxi. Dena den, lau urtean nekez konpontzen dira egiturazko arazoak, eta oraindik ugariak dira ezinak. Hasteko, oposizioaren trabak direla medio, lan arloan, zergetan, pentsioetan eta osasunean egitekoak ziren erreformak ezin izan dira gauzatu. Bestetik, aurreko hauteskundeetan egindako «bake totala»-ren promesa oraindik ez da bururaino eraman. 

Aurrera edo atzera egin, hori erabakiko da datozen hauteskundeetan. Inkesta guztien arabera Pacto Historico koalizioko Ivan Cepeda da faboritoa. Alabaina, eskuinak, ohikoa duen eran, gerra zikina hasi du: «terrorista» gisa ezaugarritzeko desinformazio kanpaina, ekintza armatuak... Hau da, agenda sekurokrataren izenean, herritarren segurtasunaren kontra egiten ari dira. Horren aurrean, ezinbestekoa da hauteskundeak era librean eta seguruan egiteko baldintzak bermatzea. Bestela esanda, funtsezkoa da Kolonbiako etorkizuna herritarrek beraiek eraikitzea, ez oligarkek, ezta narkoek ere. 

Bilatu